Sakonean

Hamar urteko lanen emaitza... eta ordaina

Ainhoa Bretos 2019ko ots. 4a, 14:18

2019ko lehen hiruhilekoan zabalduko dute Getxo Antzoki berria, Getxoko Udal Gobernuak adierazi duenez. Hala, bat egingo du proiektu berean sartu diren beste jarduketa batzuekaz. Egitasmoak, bestalde, hautsak harrotu ditu udalerriko hainbat alderdi politiko, herritar, merkatari eta elkarteren artean. Besteak beste, zeresana sortu dute lanen aurrekontuak, iraupenak eta kokalekuak.

Honela dio Beau Geste (Keinu Ederra) pelikulako hasierako pasarte batek: "Mesedez, kontatu odol eta guda istorioak –eskatu zion Michaelek, eta Claudiak ere antzera ekin zion..". Ronald Colman aktorea agertzen da bertan, protagonista-lanak egiten Atzerriko Legiora joandako gizon baten paperean. Film arrakastatsua izan zen oso, eta munduko hainbat eta hainbat antzokitan proiektatu zuten, tartean Algortako Gran Cinema izenekoan, eraikinaren inaugurazio egunean, hain zuzen.  

Antonio Araluze Ajuria algortarrak diseinatu zuen Gran Cinema orain dela ia mende bat, Elorriaga y Cía enpresagaz lankidetzan, eta 1928ko irailaren 15ean ireki zituen ateak. Hainbat hamarkadatan elkargune garrantzitsua izan zen herrian. Antzezlan, pelikula, kantaldi eta bestelako ekimenez gozatu ahal izan zuten bertako 620 jesarlekuetan jartzeko aukera izan zuten herritarrek.

80ko hamarkadan gorabehera batzuk izan zituen, eta denboraldi batez itxita egon zen. 1992ko uztailean, ordea, berriz ekin zion martxari, herrian oso ezaguna den Getxo Antzokia izenagaz. Zaila da zenbatzea zenbat film, antzerki, dantzaldi, musikaldi eta bestelako ekitaldi antolatu diren bertan. Zenbat ume eta gaztek ezkutatu ote dute ondoko goxoki-dendan erositakoa, antzokira sartzean kendu ez diezaieten? Zenbatek egin dute oihu, txalo, barre eta negar eraikin horren barruan?

Erreferentea gura zuen udal gobernuak

2007ko udal-hauteskundeen ostean, eraikina berrizteko proiektua aurkeztu zuen EAJk. Urte hartako maiatzaren 4an zabaldutako informazioan jasotzen zutenez, musika-eskola eta arte eszenikoetarako espazio berria eskaini gura zuten, "Getxoko behar eta kezka kulturalei irtenbidea topatzeko asmoz". Eraikinari dagokionez, "kultura eta artearen munduan erreferente bihurtuko den lehen mailako azpiegitura" sortzeko konpromisoa agertu zuten, "bere estetika eta arkitektura berritzaileagatik, eta bere ezaugarri teknikoengatik".

Hala, 2008ko urriaren 19an jesarlekuak kendu, eta azaroaren 1ean ateak itxi zituen antzoki zaharrak, orduko hartan betiko. Ken Zazpi eta Elaudi musika-taldeak izan ziren aretoan kontzertua eskaintzen azkenak, eta 2008ko abenduaren 15ean ekin zioten 80 urtez bizirik egondako eraikina botatzeari.

Getxo Antzoki berriak, bestalde, ika-mika ugari sortu ditu hasiera-hasieratik. Izan ere, proiektuaren gaineko desadostasunak agertu dituzte udalerriko hainbat alderdi politiko, elkarte, herritar eta merkatarik. Beste batzuen artean, lanen iraupena nabarmendu dute askok. Lau urtean egingo zutela aurreikusi zuen Udal Gobernuak. Hamar igaro dira.

Hamar urtez linboan

2009ko abuztuan hasi ziren modu ofizialean Getxo Antzokia eraikitzen. Hasiera batean 7.000 metro koadroko eraikina egitea pentsatu zuten, azkenean 22.000 behar izan dituzte. Guztira hiru entzunareto ditu antzokiak: nagusia (782 jesarleku), erabilera askotariko bat (266 plaza jesarrita edo 769 zutunik), eta Musika Eskolaren azpian dagoena (218 plaza). Ekitaldi-areto bat ere badago, 60 pertsonarentzat edukiera duena, jatetxe bat eta lau edaritegi.

Horrez gain, beste bloke batean eraiki dute Algortako Musika Eskola, kanpoaldean LED pantaila handi bat eta antzokia Abratik ikustea ahalbidetuko duen argiztapen-sistema. Lur azpian, hiru solairu eta 105 plaza dituen aparkalekua egin dute, eta horren gainean dagoen San Nikolas plaza urbanizatu dute. Proiektua handitzeak, noski, denbora gehiago eskatu du.

Getxoko Udal Gobernuak (EAJ eta PSE-EE) azaldu duenez, lehen lauhilekoan hasi eta urte amaierara arte iraungo du Getxo Antzokiaren irekierak, "ezaugarri hauetako ekipamenduak abian jartzeko, ohikoena eta logikoena izaten da apurka-apurka eta era progresiboan egitea, funtzionamendu zuzena eta instalakuntza guztien muntatzea ziurtatzeko".

Administrazio-tresnak eta izapideak beti ez direla gura bezain bizkorrak eta lehenago amaitzea gurago zutela adierazi dute, "baina ezaugarri horiek dauzkan proiektua ez da batere erraza, akordio politikoak lortu behar dira, eta horrelakorik lortu ezean prozesuak moteltzen dira". Izan ere, proiektuaren gaineko adostasunik egon ez dela aipatu du Nerea Guijarrubia Garzia Getxoko EH Bilduko zinegotziak. Dioenez, "EAJ ia-ia bakarrik egon da, esan daiteke gainerako ordezkari politikoen babes barik egin duela dena, eta auzokide askoren kontrako jarreragaz". Datu modura, Bilboko Guggenheim Museoa eraikitzeko lau urte behar izan zirela gogoratu du Guijarrubiak, Getxo Antzokiak behar izan duenaren erdia baino gutxiago. Horrenbestez kudeaketa "oso txarra" izan dela esan du.

Udal Gobernuaren iritziz, ezinbestekoa da Getxoko proiektu "bikaina" denaren "uste sendoa" defendatzea, "bereziki epea luzatzen denean eta oposizioak gobernua ahultzeko erabiltzen duenean". Izan ere, Bizkaian kultur erreferente izango dela uste dute. Epea luzatzeak, bestalde, kalte ugari eragin ditu udalerrian.

Auzokideak, kritiko

Obrari dagokionez, ezer segururik egon ez dela azaldu du San Nikolaseko Auzokideen Elkarteko kide Patxi Ametzagak: "Etengabe inprobisatu dute, euren gaitasun-eza agerian utzita". Besteak beste, aparkalekua egitea azken momentuan erabaki zutela esan du, eta horrek ondorioak ekarri dituela: "Aparkalekua eraikitzeko egin zuten makro-zuloak arrakalaz josita utzi zituen ondoan bizi garenon etxeetako hormak. Konponketak, noski, guk geuk ordaindu ditugu".

Hamar urtez luzatu dira kutsadura, zikinkeria eta trafiko- eta zarata-arazoak, eta plazan hainbeste denboraz obrak egoteak bertako merkataritza-guneei eragin die zuzenean, proiektuaren kudeaketagaz  jarrera kritiko dutenek salatzen dutenez. Dena den, aurrekontuaren igoera da herrian polemika handienetakoa eragin duen faktoreetariko bat, proiektua luzatzeak sekulako gorakada ekarri baitu gastuetan.

"Kontrol barik"

2007an aurkeztutako proiektuaren eta azkenean egin dutenaren artean alde handia dago. Hori dela eta, hasierako aurrekontua bikoiztu eta ia-ia hirukoiztu egin da. Udal Gobernuak adierazitakoaren arabera, "hasiera batean 22 milioi euroko gastua eta 7.000 metro koadroko eraikina egitea aurreikusi zen; honako kopuru hauek behar izan dira azkenean: 52 milioi euro baino gehiago eta 22.000 metro koadro". Esan dutenez, "eraikin sinple bat ez ezik, legez ezarritako bolumetriak eta espazioak eskain ditzaketen aukera guztiak barne hartzen dituen eraikinaren premien emaitza da azken aurrekontua".

Aurrekontu horren 40,6 milioi erabili dituzte obrarako: sei milioi aparkalekuaren, Getxo Antzokiaren eta Musika Eskolaren hondeatze-lanetarako, 3,8 milioi aparkalekua eraikitzeko, 27,7 milioi Getxo Antzokia eta Musika Eskolarako, eta 2,5 San Nikolas plaza eta kaleak urbanizatzeko. Horrez gain, bederatzi milioi behar izan dituzte altzari eta ekipamenduetarako, eta 3,4 asistentzia teknikorako. Udal Gobernuak azaldu duenez, azken inbertsioak "herritarren premia eta aldarrikapenei egokitu zaizkie, baita erabiltzaile nagusiak izango diren sektore zein elkarteenei ere".

Eraikuntzan inbertitutako diruaz gain, beste hainbat gastu dago. Izan ere, horrelako eraikin batek mantenua behar du. Kanpoko egurrak, esaterako, hasi dira daborduko hondatzen. "Izugarrizko inbertsioa egin dute, izugarrizko mantenua dakarrena beragaz. Zabalik egon barik ere gastuak ditu" dio Guijarrubiak. Inauguraziorako 56.750 euro bideratu dituztela salatu du EH Bilduk.

Guk Getxo alderdiko bozeramaile Paula Amievaren iritziz, gastuak «neurriz gaineko dimentsioa» du, Getxok behar duena kontuan hartuta: "Izugarri eta inolako kontrol barik handitu dute aurrekontu publikoa, ulergaitza da". Antzeko ustea du Ciudadanos-Herritarrak alderdiak. Azaldu dutenez, "proiektu faraoniko orok dakar beragaz proportzionalki parekoa den gastua".

EH Bilduren iritziz, "erabat lekuz kanpokoa" da aurrekontua, bereziki bertan inbertitu izan den bitartean ez delako dirurik egon beste gauza batzuetarako: "Ez da auzoek eduki dezaketen hainbat beharretan inbertitu, etxebizitza esaterako. Inbertsiorako erabiltzen den partidaren zati bat etxebizitza edo ekipamendu dotazionalei zuzendu behar zaio, legeak horrela ezartzen duelako. Urte hauetan guztietan diru-kopuru hori zuzenean joan da Getxo Antzokira". Adierazpen horregaz bat datoz Guk Getxo, Ciudadanos-Herritarrak eta PP alderdiak ere. Aipatu dutenez, udalerriko jende askok egin behar izan du alde beste herri batzuetara, etxebizitzan inbertitu ez izanak eragin dituen arazoak direla eta.  
Horrez gain, proiektua faseka egiteak ere polemika handia eragin du. PPk salaketa aurkeztu zuen 2010ean Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzan. Adierazitakoaren arabera, proiektua zatika egin da, ez delako udalbatzatik igaro. Eduardo Andrade Getxoko PPko bozeramaileak azaldu duenez, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak berak salatu du Getxo Antzokiko proiektura bideratutako gastuak ez daudela justifikatuta. Hala, osoko bilkuratik pasatu barik mugitzeko eskumena duen partida erabili du alkateak, gainerako alderdi politikoek esan dutenez.   

Ondorioz, Getxo Antzokiaren proiektuak desoreka sortu duela esan du Guijarrubiak: "Eragin duen desoreka sekulakoa da, hamar urtez baino gehiago elikatu dutelako proiektu bakar bat, oraindino ez dakitena zelako eskaintza izango duen". Izan ere, eraikinari emango zaion erabilera da herrian kezka sortu duen beste faktoreetariko bat.

Edukiakaz betetzeko ordua

"Getxok antzoki bat behar du". Adierazpen horregaz bat datoz udaleko alderdi politiko denak: "Udalerriko programazio kulturala kontuan eduki behar dugu, oinarrizkoa da. Ezin dugu Getxo aisialdirako eskaintza barik eta bizitza sozial barik utzi" diote Ciudadanos-Herritarrak alderdiko kideek.

Udal Gobernuak azaldu duenaren arabera, Getxoko kultur etxeetako programazioa gauzatuko da gehienbat antzoki berriztuan, "baina baita udaleko beste sail batzuetakoa eta udalerrian dauden ekimen sozialen, kulturalen eta abarren eskaintza zabala ere", adierazi dutenez.

Adierazpen horretan ezer zehatzik ez dagoela salatu dute gainerako alderdiek. "Oraindino ez dakigu nolako erabilera eman gura dioten antzokiari, ez dutelako proiektu kulturalik aurkeztu. Zertzelada txiki batzuk komunikabideetan, besterik ez", dio Eduardo Andradek. Horren harira, Getxo Antzoki eta Kultur Etxe zaharren berrikuntza nahikoa zela adierazi du PPk, "ez zegoen horrelako eraikin erraldoi eta garesti bat egiteko inolako beharrik".

"Prozesua alderantziz"

Paula Amievaren iritziz, prozesua alderantziz egin du Udal gobernuak. Dioenez, lehenik eta behin "ezinbestekoa" da Getxok dituen beharrak ezagutzea. "Ondoren, antolatu gura ditugun ekimenen aurreikuspen zehatz bat osatu beharra dago. Eta azkenik, behar horiek asetzeko eskainiko dugun programaziorako egokia den antzokia diseinatuko dugu. Jakin barik zertara bideratuko dugun, zaila da asmatzea nolako dimentsio eta aurrekontua izan behar dituen".

Orain arte kalean egin izan diren ekimenak antzokira pasatzea ulergaitza zaio Guijarrubiari: "Hitzordu batzuk oso sozialak dira, Algortako Gaurik Laburrena edo Bertso Jaialdi Mundiala, esaterako. Formatu hori kalean egiteko prestatuta dago, ez areto baten barrurako. Antzoki batean egin daitezke beste mila gauza, bete dezagun beste eduki batzuekaz". Zentzu horretan, antzokiak bideragarritasunik izango duen ala ez larritzen du EH Bilduko kideak: "Zein edukigaz beteko dute eraikin erraldoi hori? Inbertsioa sekulakoa izan da, zer eskainiko dute bideragarria izan dadin?".

"Herritarrak informatzeak lehentasuna izan behar du"

Getxo Antzokiaren ekintza-planaren gaineko informazio-falta Udal Gobernuaren gardentasun ezagaz lotu dute hainbatek. Izan ere, proiektuaren gaineko informazio askorik izan ez dutela azaldu du San Nikolaseko Auzokideen Elkarteak: "Inoiz ez digute ezer esan, ez digute azalpenik eman, eta ez dituzte kontuan hartu gure iritziak".  

Patxi Ametzagak azaldu duenez, plataforma izatetik elkarte izatera igaro ziren, udaletxean esan zietelako hala eginez gero euren eskaerak kontuan edukiko zituztela. Baina ezer gutxirako balio izan zuela dio: "Denbora luzez udaletxeko osoko bilkuretara joan ginen, desadostasuna agertzeko. Alkateari esan genion zer pentsatzen genuen, baita zinegotziei ere, mozioak aurkeztu genituen alderdi politikoen bitartez eta Arartekoan egon ginen, baina berdin izan du, denbora galtzen egon gara, inoiz ez gaituzte entzun".

Antzokiaren inguruko hainbat proposamen aurkeztu zituzten udaletxean. Besteak beste, dimentsio txikiagoko eraikina, eta aretoa eraikitzeko beste leku batzuk. "Alferrik zen, ez zegoen zereginik, erabakia hartuta zeukaten daborduko, eta kito". Izan ere, "Antzokia bai, baina horrela ez" izan da beti euren lema.

Algortako Gazte Asanbladak ere hasiera-hasieratik gaitzetsi du egitasmoa. Udalak proiektua bideratzeko orduan izan duen "ezkutuko jarrera" salatu zuten 2008an, eta ordutik beste hainbatetan: "Dimentsio hauetako proiektua burutzeko orduan herritarrak informatzeak lehentasuna izan behar du, Algortako herritarrei eragingo baitie zuzenean batzuek hartutako erabakiak". Horrenbestez, Getxoko Udaleko agintarien politikaren ardatz nagusia "inposizioa" dela azpimarratu dute behin baino gehiagotan.

Ereduen arteko talka

Kultur ereduen talkaz berba egin du Nerea Guijarrubiak. Bere ustez, makro-proiektu bat egin du EAJk, "batek daki zer erakutsi guran". Edukiari garrantzia eman beharrean estalkiari ematen diotela azaldu du: "Badirudi herri handi bat izan gura dugula, eta errealitatea ez da hori. Errealitatea da txikitasunetik jokatzen dugula, txikitasun oso aberasgarri batetik, baina hori kudeatzea ez da eraikin ponpoxo eta erakargarriak egitea, baizik eta daukaguna zaintzea eta sustatzea".

Horren harira, Udal Gobernuak bideragarritasun-planik jarraitu ez duela ere aipatu du Patxi Ametzagak: "Guggenheim sindromean murgilduta zeuden erabat, eta uste zuten Getxo mapetan agertu ahal izateko ezinbestekoa zela porlanean inbertitzea, zenbat eta gehiago, orduan eta hobeto".

"Plaza, nortasunaren hezitzailea"

Antzokiaren kokapenak ere zeresan handia sortu du herrian. Izan ere, Algorta erdigunean zegoen plazaren zati handi bat kendu, eta gainontzekoa goitik behera aldatu dute. Ametzagak azaldutakoaren arabera, mende bat baino gehiago daroa San Nikolas plazak Algortako ardatza izaten, "tradizioz algortarron elkargunea izan da, bertan zegoen udaletxe zaharra, eta kontzertuak, berbaldiak eta bestelako iritziak adierazteko erabiltzen genuen kioskoa. Proiektua egiteko bota dute, eta orain isiltasuna besterik ez zaigu gelditzen hemen".

Kiosko hori berreskuratzeko asmoagaz, sinadura-bilketa abiatu zuten antzoki ondoan kokatuta dagoen Ondarreta goxoki-dendako langileek 2016an. Azaldu zutenez, "lanak direla eta plaza guztiz eraldatuta dago, baina herrian historikoa den zerbait egon beharko litzateke bertan. Kioskoa ikur garrantzitsua izan da beti".

Getxo Antzokia eraikitzen hasi aurretik ere, honakoa zabaldu zuen Algortako Gazte Asanbladak: "Beharbada, Algortak antzoki handiago baten beharra izango du. Hala ere, ez dugu inolaz ere beharrezkoa ikusten antzoki berri bat sortzeak gure herriko enparantzaren suntsipena izan behar duenik ordain". Izan ere, algortarrentzat "leku adierazgarria" dela zioten.

"Antzokiari esker" Getxo Bizkaiko kultur eskaintzaren buruan kokatuko dela ziurtzat jotzen du Udal Gobernuak: "Proiektu ziragarria da, Getxoko jarduera ekonomikoaren sortzaile nahiz biderkatzaile. Udalerriko kulturaren esparruan hobekuntza bultzatuko du". Gazte Asanbladaren iritzia bestelakoa da: "Udalak, inori galdetu barik, botatzea erabaki duen plaza mila harremanen lekuko izan da historian. Enparantza hori zen herri kulturaren sortzaile nagusia, gure nortasunaren hezitzailea, eta herriaren bizkarrezurra". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun