“Etxebizitza publikoak sustatzea helburu” sortu da Getxon Bizi ekimena

Kerman Santiago Alkorta 2019ko ots. 5a, 11:30

Getxon etxebizitza publikoak sustatzea du helburu udalerriko zenbait bizilagunek sortu berri duten Getxon Bizi elkarteak. Administrazioari jarduera gehiago exijituko diote etxebizitza publiko eta babes ofizialeko etxebizitzen aldeko politikak egin ditzan.

Udalerriko bizi-kalitatea, gizarte-berdintasuna eta ingurumenaren babesa hobetzea da elkartearen helburua, parte-hartze eta hausnarketa kolektiboko prozesuak aktibatuz. “Getxotarren beharretatik gertu sentitzen gara, eta hirigintza arduratsu, sozial, berdintasunezko eta jasangarriarekin konprometituta”, dio plataformak.

Udalerria biztanle asko galtzen dabilela salatzen dute, gazte askok, Getxoko etxebizitzen prezio garestia dela eta, alboko herrietan bilatu behar izaten baitute bizilekua. Horri gehitu behar zaio bertoko biztanleria gero eta zaharragoa dela: INEren 2017ko datuen arabera, Getxoko adin-sektoreen artean, populazio gehiena (17.000 biztanle inguru) 55 eta 65 urte tartean dabil.

2016ko uztailean Udalak onartutako Arteaga Plana aipatzen du plataformak, baina “aski ez dela” ere salatzen dute. Arteaga eta Azkorriko lurzoruan eraikitzeari ekiteko proiektuak babes ofizialeko 1.510 etxebizitza jasotzea du helburu. Udalaren esanetan, “ingurumena ahalik eta gehien elikatzen saiatuz” garatuko da ekimena. Naturguneak mantendu eta 2.000 zuhaitz autoktono landatuko direla iragarri dute udal-iturriek.

Hausnarketarako deia

Irtenbide egokiak emateko lan egingo du Getxon Bizik, eta hausnarketa kolektiboko prozesuak bultzatzeko deia egin dute: “Herritarrak gonbidatzen ditugu etxebizitza publikoak Getxon sustatu nahi dituen ekimen honekin bat egitera”. Komunikazio-bideak ireki dituzte euren proposamena iritzi publikoari helarazteko, webgunearen eta Facebooken bitartez. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun