Sarrikobason eta Benantzion babes ofizialeko 118 etxebizitza egiteko lurzoruen trukaketa onetsi du Getxoko Udalak

Ainhoa Bretos 2019ko ots. 6a, 10:05

Getxoko eraikin eta etxe enblematikoen azterketa egitea eskatu du EH Bilduk. Mozioa, bestalde, bertan behera geratu da Udal-Gobernuak (EAJ eta PSE-EE) kontrako botoa eman duelako.

Eusko Jaurlaritzagaz lurzoruen trukaketa egitea onetsi du Getxoko Udalak urtarrileko Osoko Bilkuran. Horretarako, aldeko bozka eman dute Udal-Gobernuak eta PPk, eta abstenitu egin dira GUK Getxo, EH Bildu eta Ciudadanos. Iragarri dutenez, 64 etxebizitza sozial eraikiko dituzte Algortako Sarrikobaso kalean, eta babes ofizialeko 54 Benantzio bidegurutzean. Horrez gain, hainbat etxebizitza libre ere egingo dituztela azaldu dute.  

Zehazki hiru orube utziko dizkio Eusko Jaurlaritzak Udalari, bat Maidaganen eta bi Benantzion, gaur egun Erromoko Santa Eugenia parkeak eta aparkalekuak okupatzen duten azaleraren truke.

Horren harira, Getxoko eraikin eta etxe enblematikoen azterketa orokorra egitea eskatu du EH Bilduk, balio arkitektonikoa gordetzeko eta ondare kultural eta historikoari balioa emateko asmoz. izan ere, aipatutakoak eraikitzeko 1919.urteko etxe bat botako du Udalak. Horrez gain, Getxon babesgabe dauden beste hainbat eraikin mantentzeko neurriak hartzea beharrezkoa dela azaldu dute. Mozioa bertan behera utzi du Udal-Gobernuaren bozkak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun