Getxoko Udalak adierazitakoaren arabera, 109, 7 milioi horietatik, Aurrekontu Luzatu Bateratuarenak dira 101 (Udala, haren erakunde autonomoak eta El Abra-Getxo Kirol Portua Sozietatea), eta aurrekontuaren aldaketei dagozkie gainontzeko 8,7 milioiak, udal-aurrizkiaren kargura. "Gizartearen eta ekonomiaren egungo errealitatera egokitutako aurrekontuak" direla azpimarratu du Udal-Gobernuak.
Aurrekontu Luzatu Bateratuaren 101 milioi euroak honela banatu dituzte: Udala (77.522.803 euro), Getxo Kirolak (8.284.524 euro), Kultur Etxea (6.667.132 euro), Udal Egoitza (5.545.237 euro), Musika Eskola (2.680.332 euro) eta El Abra-Getxo Kirol Portua Sozietatea (377.400 euro). Aurreikusitako inbertsioen artean, ondorengoak nabarmendu dituzte: Algortako Manuel Gainza plazako aparkalekua (3.900.000 euro), mantentze-lanak (3.080.000 euro), ezponden egokitzea (300.000 euro), kirol-instalazioen modernizatzea (1.250.000 euro), ikastetxe publikoetako mantentze-lanak (215.000 euro), igogailu eta arrapala-mekanikoak (800.000 euro), etxebizitzaren sustapena (3.000.000 euro).
"EAJk eta PSE-EEk ez dituzte aurrekontuak negoziatu nahi"
EH Bilduk azaldu duenez, gobernu-taldeak urrian aurkeztu behar zuen aurrekontuen aurreproiektua, eta abenduan aurkeztu du. "Bilerara deitu ziguten eta negoziatzeko gure gutxieneko demokratikoa jarri genuen mahai gainean; lehenik eta behin, akordioa egon ala ez egon aurrekontuak Osoko Bilkuran eztabaidatu behar direla" dio EH Bilduk. Horri beste eskaera bat gehitu zioten: alkateak ere eztabaida demokratiko horregaz konprometitzea.
Negoziatzeko saioak egin ondoren, Udal-Gobernuak "benetako negoziaketarako" asmorik ez duela salatu du alderdiak: "Itxurakeri hutsean aritu izan dira, eta ari dira". Azaldu dutenez, erantzuna jaso dutenean jakin dute EAJk eta PSE-EEk ez dutela aurrekontuak Osoko Bilkuran eztabaidatzeko konpromisorik hartu gura, eta ez dutela alkatearen konpromisoa "bermatu" gura. Koalizio abertzalearen ustez, "gutxieneko demokratikoak dira horiek".