“Udalean sartu ginenetik argi genuen gizatalde baztertuei eskua luzatuko geniela. Horregatik, lau zinegotziok jasotzen dugun soldata parte bati uko egin genion, eta 25.000 euroak lortu ditugunean, ekin diogu ekimena antolatzeari”, esan digu Paula Amieva Guk Getxoko zinegotziak. Joan den urtean sortu zuten Indartzen, eta bigarren edizioa prestatu dute daborduko. Getxoko hamabi elkartek bidali dute diru-laguntzak jasotzeko eskaera, eta lau hautatu ditu udal-taldeak: Ibilki, Sortarazi, Mujeres con Voz eta Fidias.
Ibilki-k gurpildun aulkiak beharrezkoak ditu, mendi-txangoak antolatzen baitituzte mugikortasun urriko pertsonakaz. Sortarazi eta Mujeres con Voz emakumearen berdintasunaren alde lan egiten duten elkarteek ere laguntza jasoko dute Guk Getxoren partetik. Eta, azkenik, Fidias antzerki-taldeari ere eman diote laguntza; gizarte-bazterketa jasaten duten ume eta gazteek egiten dituzte antzezlanak bertan, horrek birgizarteratzen lagunduko dielakoan.
“Zaila izan da hautaketa egitea, pena eman digu batzuk kanpoan uzteak, baina nahiago izan dugu diru-kopurua lau elkarteren artean banatu soilik, euren proiektuak behar bezala garatu ditzaten”, azaldu digu Amievak.