Harreman osasungarriak sustatzea helburu, Sentiktuz programa antolatu du Getxoko Udalak

Ainhoa Bretos 2019ko ots. 13a, 15:43

2018ko azken hiruhilekoan ipini du martxan proiektua Udalak. Denera, Lehen Hezkuntzako 5. mailako 480 ikaslek hartu dute parte, Getxoko honako ikastetxeetan: Andra Mari, Azkorri, Divino Pastor, Europa, Gobela, Larrañazubi, San Inazio, San Nikolas, Trinitarias, Zabala eta Zubileta.

Ordu biko saioa egin dute ikasleek. Bertan, emozioen kudeaketa eta sexu-harreman osasungarrien garapena aztertzeko aukera izan dute, baita teknologia berriek duten eraginaren gaineko hausnarketa egiteko ere.

Izan ere, mugikor, sare sozial eta bideo-jokoen erabilerak eragin ditzakeen jokaera arriskutsuak ezagutzea da Sentiktuz programaren helburu nagusietako bat, "horien erabilera osasungarria eta kontzienteagoa bultzatu eta berdinen arteko harreman osasuntsuak sustatzeko". Horrez gain, maskulinitate hegemonikoaren gaineko hausnarketa kritikoa bultzatzeko jarduerak egin dituzte dinamizatzaileek. Ondorioen artean, hurrengoak aipatu dituzte:

- "Eduki bortitza, sexuala eta sexista" duten bideo-jokoekin jolasten dute parte hartzaile askok. Batzuetan, ez dute indarkeriarik ikusten, eta hainbatek ondorioztatu dute bideo-jokoetan ikusten eta agertzen diren gauzek badutela eragina euren izaeran.

- Sare sozialei dagokienez, "haurrek uste dute profil bat modu pribatuan izatea segurua dela sarean ibiltzeko". Horregatik segurtasun eta pribatutasun neurriak azpimarratu ziren saioetan.

- Sexualitatearen eta pornografiaren gaiari dagokionez, "eduki sexista eta estereotipatuei buruzko hausnarketa" egin zuten ikasleek, eta "emozioak agertzeko arazoak aitortu zituzten".

Elena Coria Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak adierazi duenez, oso garrantzitsutzat jotzen dute "horrelako ekimenek agerian uzten duten informazioa". Horregatik, mota honetako programak sustatzen eta baliabideak eskaintzen jarraituko dutela azaldu du, "pertsonen arteko harremanei, heziketari eta emozioei lehentasuna emateko".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun