Oholtza ikuskizunean, bertsolarien gorputzakaz (baita bereagaz ere), LED-argiakaz eta hainbat materialetako piezakaz jolasten da egilea, bat-bateko eskulturak sortzeko. 2015ean hasi zuen Beñat Krolemek inprobisazioaren gaineko proiektua; 2017an doktorego-tesia ere hasi zuen, horretan oinarrituta.
Emanaldiaren unean bertan proiektatzen, diseinatzen eta muntatzen dira egiturak, bertsolariek (Jone Uria getxoztarrak eta Jon Martin oiartzuarrak) kantatu bitartean. Aldi berean, haien gorputzak modu konkretuan kokatuko dira. "Bertsolarien eskulturizazioa izango da haien hitzen oinarria eta bertsoaren elikagaia", azaldu dutenez.