Gutxienez 6.000 jesarleku edukiko dituen estadioa eraiki gura dute, bertan talde nagusien futbol eta errugbi partidak joka ditzaten udal-taldeek. Gainera, Gobela ibai ondoan parke publikoa egingo dute, baita gaur egun garagardotegia dagoen tokian “erabilera anitzeko eraikina” jaso ere.
Halaber, irisgarritasuna eta erosotasuna hobetuko dute; igerilekuko berdeguneak handitu, eta Bolue futbol zelaietan aldagela berriak eta estalitako harmailak egingo dituzte.
“Getxo Kirolak-ek zuzendutako lan horren guztiaren emaitza oso sendoa da, eta Faduraren aldaketa guztion arteko adostasun handinarekin egiteko oinarriak finkatu ditu”, esan du Imanol Landa Getxoko alkateak.
Bestalde, Álvaro González Kirol zinegotziak adierazi duenez, “asmoa ahalik eta arinen” hastea da: “Hurrengo erronka aldaketa arkitektoniko nagusien lehentasunak zehaztea eta kudeaketa hobekuntzarako proiektuen egutegia sortzea da”. Horrez gain, azpimarratu du lanek “kiroldegia normaltasunez erabiltzeko gatazkak” ekarriko dituztela.
1.900 ekarpen
Getxo Kirolak-ek antolatutako Thinking fadura partaidetza-prozesuan 1.900 ekarpen bildu dituzte, eta 1.600 pertsonak hartu du parte. “Estalitako padel eta tenis pista gehiago nahi dituzte bazkideek”, esan dute udal-iturriek. Iradokizunen artean Fadura kirol-parke publiko bihurtzea ere badago.