EAEko eta Nafarroako Errugbi Federazioek eta Pirinio Atlantikoetako CD64 Errugbi-batzordeak antolatu dute Mugaz gaindiko Pottoka txapelketa, bertako erakundeen laguntzagaz. Denera hamahiru taldek hartuko dute parte, multzo bitan banatuta, horietako batean hamabost jokalarigaz jokatuta, eta bestean hamarregaz.
Getxo Rugbyk A multzoan jardungo du, hau da, hamabost jokalariko modalitatean, Avia Eibar, Iruñeko La Única, AS Bayonnais eta Biarnoko Lons taldeakaz batera. Hain zuzen ere, baionarren eta getxoztarren arteko biharko partidua izango da multzo horretako lehenengoa (B multzoko lehia hasita dago daborduko). Lapurtar hiriburuan jokatuko dute, arrastiko 17:30ean.