Fadura LHIIko irakasle bik Marokoko rallye solidarioa egingo dute

Kerman Santiago Alkorta 2019ko mar. 1a, 12:21

Aitzol Barañano eta Iurgi Aiesta. KERMAN SANTIAGO

Iurgi Aiesta eta Aitzol Baranaño irakasleek Panda Raid rallye solidarioan hartuko dute parte, euren ikasleakaz Fadurako CIFPean bertan prestatutako kotxean.

Elektromekanika zikloko ikasleek eta irakasleek prestatu dute 1990 urteko Seat Panda. “Ikasleek ilusio handia jarri dute proiektuan, oso pozik eta motibatuta egon dira”, adierazi du Aiestak. Aurten, irakasle bik egingo dute bidaia, eta ideia da datorren urtean ikasle bi joatea. “Aurtengoa proba antzeko izango da”, esan digu maisuak.

Eskola materialean hogei kilogramo eroango dituzte, baita sei ordenagailu ere, Marokoko Ait Ahmed eskolarako. Madrildik abiatuko dira martxoaren 6an, eta Motrilen itsasontziz joango dira Nadorrera. Ostean, 7 etapa egingo dituzte basamortuan.

“Proiektua solidarioa izateak garrantzi handia du. Bestalde, Ikasleentzat ere motibazioa da, ikasketak aurrera eraman ditzaten beste era batean, ilusioarekin gogotsuago egongo dira”, esan digu Ibon Intxaustik, ikastetxeko zuzendariak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun