Ehunka lagun Greenpeacek Ereaga hondartzan antolatutako plastiko-bilketan

Ainhoa Bretos 2019ko mar. 11a, 14:25

©GREENPEACE

"Zoritxarreko plastikoa" lelopean egin dute jardunaldia. Ekimenagaz bat egin dute Ekologistak Martxan elkarteak, Lurgaia Fundazioak, Nasti de Plastic Bizkaiak eta Surfriderrek.

Ehunka lagun bildu dira domekan Ereaga hondartzan, Greenpeace Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) Getxoko Udalaren babesagaz antolatutako jardunaldian parte hartzeko. Plastikoek eragiten duten kutsadura murriztea da ekimenaren helburua, baita itsasoan dagoen plastiko kopuruaren gaineko informazioa zabaltzea ere, "itsas-animalia eta gizakion osasunerako arriskutsua baita".

Goizeko 10:00etatik 15:00etara bitartean egin dute plastiko-bilketa. Horrez gain, birziklatzearen eta erabilera bakarreko plastikozko ontzien kontsumoaren gaineko tailer hezitzaileak egin dituzte. Informazio-gune bat ere ipini dute, aipatutako jardueretan parte hartu duten lagunak artatzeko.

Ereagan egindakoa GKEak "Zoritxarreko plastikoa" lelopean abiatutako kanpainaren ekitaldietako bat da. Jardunaldiaren helburuagaz bat egin dute Ekologistak Martxan elkarteak, Lurgaia Fundazioak, Nasti de Plastic Bizkaiak eta Surfriderrek. Horrez gain, Jon Kortajarena Bilboko aktorearea ere izan da bertan, ekimenaren sustatzaileetako bat baita.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun