Gazteen artean euskal kultura sustatzeko, AzeGazte ekimena sortu dute Algortan

Ainhoa Bretos 2019ko mar. 12a, 15:47

Martxoaren 15ean, barikua, estreinatuko dute ekimena Azebarri Kultur Elkartean, Ainhoa Aranburu eta Kerman Santiago algortarren kontzertu akustikoagaz.

Algortako hainbat lagunek sortu dute AzeGazte ekimena. Azaldu dutenez, 2018ko udan erabaki zuten proiektua eratzea, Azebarri Kultur Elkartean ospatutako jaialdi eta ekitaldietan egondako "giro ona" ikusita: "Taberna ibiltariaren kontzertuan, Euskal Herria egunean, Barne Barnetik Fest-ean, Nazioarteko trikitixa jaialdian eta beste hainbatetan gazteen presentzia altua izan da".

Horrez gain, herrian mota horretako ekitaldiak euskal giroan egiteko leku eta aukerak beharrezkoak zirela diote. Hala, hainbat helburu dituztela azaldu dute: "Euskal kultura gazteei hurbiltzea, giro euskaldun eta sanoan gozatzeko leku bat eskaintzea eta Azebarrik berak antolatzen dituen ekimenetara gazteak hurbiltzea". Izan ere, antolatutako ekitaldi horiek euskara eta kultura sustatzeko eraginkorrak direla uste dute AzeGazte proiektuaren sortzaileek.

Hilabetean gutxienez ekitaldi bat antolatu gura dutela azaldu dute. Lehenengoa martxoaren 15ean, barikua, egingo dute, Ainhoa Aranburu eta Kerman Santiago algortarren kontzertu akustikoagaz. 22:00etan hasiko da ekitaldia, hala ere, 20:00etarako irekiko dituzte Kultur Elkarteko ateak, "lokala berotzen hasteko".

Lehenengoa kontzertua izan arren, ez dute euren jarduna horretara mugatuko, izan ere, zinea, bertsoak, antzerkia eta kulturagaz harremana duten bestelako jardunaldiak gauzatzeko asmoa dute, "ahalik eta modu erakargarrienean". Horretarako, etxeko protagonistei aukera handiagoa ematea pentsatu dute, baina edozein gazte sortzaileri eskaini gura diote abagunea bere lana ezagutaraztera emateko, diotenez: "Proposamenak jasotzeko irrikaz gaude, gure talderako partaide berriak jasotzeko prest gauden modu bertsuan".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun