Antolatzaileek azaldu dutenez, irakurzaletasuna sustatzea eta euskarazko literatura eta herrietako liburutegiak ezagutaraztea dira egitasmoaren helburuak. Martxoaren 18tik maiatzaren 31ra bitartean egongo da martxan, eta hiru pausu eman behar dira parte hartzeko.
Lehenik eta behin, euskaraz irakurri behar da. Horretarako, Getxoko udal-liburutegietara joan eta euskarazko edozein liburu eskatu daiteke maileguan. Bigarrenik, liburua liburutegira bueltatu eta fitxa bat bete beharko da, bertan azalduz zein den irakurritako liburua eta horren gaineko iritzia. Trukean, liburuzainak erosketa-txekea emango dio irakurleari, liburuak %35 merkeago erosteko balio duena, eta Elkar, Bolibar-Elordui edo GobelAurre liburu-dendetan erabili ahal dena. Izan ere, liburu bat oparitzea da azken pausua.
Horrez gain, apirila eta maiatza amaieran 30 euroko balioa duen txeke baten zozketa egingo dute liburutegi bakoitzean, hilabete horretan zehar irakurle-fitxa bete dutenen artean zozketatzeko. Ikusi hemen egitasmoa zabaltzeko egin duten bideoa.