Marika Vilak (Bartzelona, 1949) emakumearen eskubideen aldeko apustua egin du komikiak idazteari ekin zionetik, 70eko hamarkadan. Suediako, Erresuma Batuko eta Italiako argitaletxeentzat egin du lan, besteak beste. Espainian ere zenbait hedabidetan kaleratu dituzte haren argitalpenak; Interviú-n, El Jueves-en, El País-en eta La Vanguardia-n, kasu.
Idatzi ez ezik, komikiaren lengoaia eta genero-analisiaren inguruan ere ikertu du. Generoko kultura-identitateen sormen eta irudikapenean doktorea ere bada, eta 1976. urtetik emakumeek gizartean, hezkuntzan eta komunikabideetan duten rolen gaineko hainbat gogoeta-eremutan hartu du parte.
Getxoko Komiki Azoka Areetako geltokiko plazako karpan eta Romo Kultur Etxean egingo dute, urriaren 18tik 20ra.