Bizkaia Zubian elkartu dira gaur Korrikaren arduradunak eta Getxoko eta Portugaleteko alkateak, 21. Korrika bertatik igaroko baita. Horren bidez, egitasmoa "zubigintza" dela irudikatu gura dute antolatzaileek, azaldu dutenez, ertz bietako bizkaitarrak lotu izan baititu hasieratik 125 urte bete berri dituen zubiak.
Hala, Bizkaia Zubiak Korrikaren izaera islatzen duela esan du Asier Amondo arduradunak: "Zubiak batzeko dira, elkarlanean aritzeko, eta horixe irudikatu nahi izan dugu gaur hemen". Aurreikusitakoaren arabera, apirilaren 10eko 21:30ean sartuko da Korrika Getxon, eta 22:30ean helduko da Bizkaia Zubira.