Aurreko urteetan legez, Naturaren Aldeko Mundu Funtsak (WWF) sustatzen duen ekintzan parte hartzea erabaki du Getxoko Udalak. Sydneyn (Australia) hasi ziren Planetaren Ordua egiten, 2007an. Gaur egun, Espainiako Estatuko "220 udalek, 120 enpresak eta 100 erakundek egiten dute bat" deialdiagaz, Getxoko udal-iturriek azaldu dutenez.
Honenbestez, argiak amatatuko dituzte hainbat udal-eraikinetako fatxadetan, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan esate baterako. Areeta eta Arrigunagako hondartzetako paisaia-argiztapenak, Evaristo Churruca kaiko argiztapen berezia eta Portu Zaharreko zelaiguneko argiak ere lozorroan utziko dituzte ordubetez.
Bestalde, Udalak konprmsoa hartu du "ekimena herritarren artean zabaltzeko sare sozialen eta hedabideen bitartez". Besteak beste, herritarrei gonbitea egiten zaie energia-alorrean eraginkorrak izateko neurriak har ditzaten: astero egun batez behintzat energia aurreztea, okelarik ez jatea, erabilaldi bakarreko plastikorik ez erabiltzea eta garraiobide publikoan bidaiatzea.