Getxoko Udalak 233.825 euro eman dizkio euskalgintzari

Ainhoa Bretos 2019ko api. 1a, 15:23

Bizarra Lepoan, ALBE, EGIZU eta HIRUKAren artean banatu du udalak euskararen erabilera gizartearen esparrutik sustatzeko diru-laguntza. Azebarri Kultura Elkarteari ere 10.000 euro eman dizkio, euskal kultura sustatzeko.

Getxoko Udalak adierazitakoaren arabera, onartutako 2019-2022ra bitarteko Erabilera Sustatzeko Ekintza Planak jasotzen dituen helburu, neurri eta ekintzakaz bat datoz Bizarra Lepoan, EGIZU, ALBE eta HIRUKA entitateak. Hala, 233.825 euro banatu ditu horien artean.

Bizarra Lepoan Euskara Elkarteari 79.488 euro eman dizkio, Gehitu Kultura eta Gehitu Kirola egitasmoen jarraipen eta dinamizazio lanak egiteko, eta Bapiruke egitasmoaren barruan aisialdiko jarduerak antolatzeko.

HIRUKA kooperatibak 62.017 euro eskuratu ditu, aldizkaria eta egunkari digitala argitaratzeko. 2018an 31 aldiz kaleratu zen aldizkaria, 2.460 ale banatu ziren Getxon, eta 215.000 bisita izan zituen atari digitalak.

ALBE Algortako Bertso Eskolak 50.320 euroko diru-laguntza jaso du, bertsolaritza sustatzeko eta bertso-jaialdiak antolatzeko. Urtero antolatzen ditu eskolak Abra Sariketa, Balkoitik Balkoira, Bertso Jaialdi Mundiala eta Hitzaren Dantza, besteak beste. 2018an, 6.320 entzule egon ziren antolatutako saioetan.

EGIZUri dagokionez, 42.000 euro eskuratu ditu, euskara ikasten ari diren getxotarren artean euskara sustatzeko, besteak beste, Berbalaguna, Mintzakuadrillak, Beharsarea eta UKITX Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoa egitasmoen bitartez.

Euskal kultura sustatzeko diru-laguntzak

Euskal kulturaren sustapenari dagokionez, Azebarri Kultur Elkarteari 10.000 euro ematea erabaki du Getxoko Udalak, "euren lokala euskararen arnasgunea izan dadin". 2018an 70 ekitaldi baino gehiago antolatu zituzten bertan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun