Getxo Oinez Bizi, bizi-ohitura osasungarriak sustatzen

Kerman Santiago Alkorta 2019ko api. 8a, 10:03
© EUSKO JAURLARITZA

Getxo Oinez Bizi proiektua antolatu zuen domekan zazpigarrenez Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Hiru kilometroko herri-paseoa egin zuten parte hartzaileek. Imanol Landa alkateak eta Amaia Agirre EAJren alkategaiak, besteak beste, bat egin zuten ekimenagaz.

Jarduera fisikoa erregulartasunez egiteak zenbait gaixotasun jasateko arriskua murrizten duela esan zuen Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, ibilbidea amaitu orduko. Gainera, errutina osasungarria eroateko deia ere egin zien herritarrei: “Ariketa, elikadura eta ohitura osasungarriak dira osasuna zaintzeko errezetarik onena”.

Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, EAEn helduen heren batek baino ez du egiten ariketa fisiko nahikoa, osasun-egoera onean egoteko beste. Eta herritarrak beren osasunean gero eta inplikatuago daudela badirudi ere, oraindik “bide luzea” egiteke dagoela esan zuen sailburuak.

Ibilbidea atzo, hilak 7 egin zuten, Osasunaren Mundu Egunean. Telletxen hasi eta Bizkaiko Zubian amaitu zen martxa, eta hiru kilometro hartu zituen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun