“Alkatearen utzikeriak abandonatze-egoeran utzi du geltoki zaharra”, esan du Eduardo Andrade zinegotziak. Gainera, salatu du gobernu-taldeak ez diela erantzunik ematen euren eskaerei. Alboan dagoen plaza ere berreskuratu gura dutela adierazi du Andradek: “Parkea erabilgarria izan daiteke oso, horregatik uste dugu obra honek auzokideen beharrak aseko dituela”.
Bestalde, eraikuntza prozesua “ia kosturik gabekoa” litzatekeela azaldu du zinegotziak: “Eraikuntza berritzeko proiekturik ia ez luke behar obrak, existitzen diren bi solairuak aprobetxatzea baita helburua”. Komun publikoak jarri ez ezik, ordenagailuak eta irakurtzeko guneak ere ipini gura dituzte lehenengo solairuan. Bigarrenean, ordea, ikasteko eta batzarrak egiteko gela bi.