Ander Calvo, Getxo Rugbyko jokalaria: “Hutsetik abiatuko bagina bezala zelairatuko gara”

© IMANOL LAVADO

Sei edo zazpi urterekin ekin zion Ander Calvo de la Quintanak (Algorta, 1996) Rugbyra jokatzeari, Getxo Rugbyn, jakina. Lehenengo Mailara igotzeko fasean Play Off-ean lehiatzen dabiltza getxoztarrak, eta domeka honetan, hilak 14, Pozuelo talde madrildarraren aurka jokatuko dute itzulekoa, 18 puntuko abantaila izanik. Calvorekin berba egiteko aukera izan dugu, eta bere ibilbide profesionalaren inguruan ez ezik, domekan duten partidaz ere mintzatu gara.

Rugbya, zergatik?

Txikitan futbolera jokatu izan dut ere, baina errugbyak beti erakarri nau gehiago. Gainera, futbolean kategoriaz igo ahala, exigentzia mailak ere gora egiten zuen, eta rugbyan gusturako nengoen.

Denbora igaro da hasi zinenetik...

Bai. Sei edo zazpi urterekin sartu nintzen jokatzera, eta ez dut gelditu. Orain dela bi urte lesionatu egin nintzen eta ez nuen denboraldi osoan jokatu, baina hori kenduta, ez dut etenik izan.

Getxo Rugby beste taldeekiko ezberdina da? Zergatik?

Espainia mailan kanteraren alde egin dugu guk. Azken bi denboraldietan apustu handia egin dugu etxeko jokalariek lehenengo taldean joka dezaten, eta argi dago Espainia guztian onenetako kantera gurea dela. 10 onenen artean dagoela esatera ausartuko nintzateke ere. 1975ean sortutakoa da Getxo Rugby, eta historikoen artean egoteak ere gure alde egiten du.

Posible da eskolako jokalariz osatutako taldeagaz bakarrik Bigarren Mailan lehiatzea?

Ia ezinezkoa. Bat eta bost fitxaketa egiten dituzte talde gehienek denboraldiro normalean. Guk aurten bost ditugu.

Soldata daukazue etxeko jokalariek?

Taldeko jokalariok beti jokatu izan dugu gustuz, izan ere, ordaindu egin behar dugu jokatzeagatik. Urteroko fitxa eta seguru-medikoa pagatu behar ditugu. Klub batzuek, etekin ekonomikoak ateratzen dituzte, eta beste batzuei fitxatik deskontatzen diete prezioa.

Zelan baloratzen duzu denboraldia? Oraindino Play Off-ak amaitu ez dituzuela kontuan izanda...

Sailkapenean lehenak egon gara ia urte osoan, baina denboraldi erdian huts egin genuen onenen aurka. Ondo mantendu dugu bigarren postua. Egia esanda, denboraldi hasieran uste nuen zailagoa izango zela bigarren postua lortzea.

Zein izan da zuen indargunea?

Gehien nabaritzen dena joan den urteko esperientzia da, dudarik gabe. Ligako beste talde batzuek ez bezala, guk forma onean eutsi diogu denboraldi amaierari.

Zer dela eta?

Partiduen kontaktuak sendoagoak dira Lehenengo Mailan, erritmoa askoz altuagoa da eta maila fisikoa zorrotzagoa, besteak beste. Joan den urtean asteartetan oraindik nekatuta sentitzen ginen, aurten, ordea, nekez heldu gara kantsatuta astelehenera. Tontakeria badirudi ere, kategorien arteko mailak baldintzatu du gure denboraldia, mesede egin baitigu aurreko urtean maila altuenean jokatzeak.

Jokatu ez ezik, Getxo Rugbyren Comunity Manager-a ere bazara...

Bai. Klubaren komunikazioaren arloa daramat. Sare sozialak, web orrialdea eta hedabideen arteko erlazioak eramatearen arduraduna naiz. Gainera, Clubeko albisteak ere idazten ditut.

Zelan uztartzen dituzu biak?

Zaila da. Orain dela bi urte, denboraldi oso bat lesionatuta eman nuenean errazagoa zen, ez bainuen nire burua epaitu behar. Orain, berriz, sarritan idatzi behar ditut nire buruzko zenbait kontu, eta zaila da inpartzialtasunari eustea.

Zelan egingo diozue aurre domekan duzuen partiduari?

Madriletik 18 puntuko abantaila dugun arren, ezin gara gurekin fidatu. Uste baino zailagoa izango dugu. Eurek entsegu azkar bat egitea lortuz gero, aurrea hartu diezazkigukete eta. 

Faduran festa izango da...

Uste dut partiduak lagun asko bilduko dituela. 12:15ean egin dugu deialdia sareetan, partidua 12:30ean hasten den arren. Irabaztera joan behar dugu, abantaila ahalik eta lasterren lortzera. Argi daukagu, hasieratik hutsetik abiatuko bagina aterako gara zelaira.