Kartulina horiz koloreztatu zituzten harmailak zale getxoztarrek partidua hastear zela, txalo zaparradek eta Getxo! Getxo! oihuek oihartzun egiten zuten bitartean. 28. minutuan 10-3 irabazten zihoazen etxekoak eta atsedenaldira partidua kontrolpean zutela zirudien. Faduran jaia zen nagusi.
Hala ere, Ciencias kementsuago atera zen atsedenaldiaren ostean, eta 45. minutuan aurrea hartu zion Getxori (10-13). Tentsio uneak izan ziren zelaian, baina etxeko taldeak bikain erantzun zuen, aurrera egin eta sarriago erasotzeari ekin baitzion. 50. minutuan Nolaskok entsegua lortu, eta Ander Calvok transformatu zuen (17-13).
Getxoko jokalarien egoera fisiko ona azpimarratzekoa da, norgehiagoka irabazteko oinarrizkoetako bat izan zen eta. Aurkaria baino askoz gogorrago aguantatu zituzten kontaktuak, eta azken minutuetan sevillarren zelaian jokatu zen partidua batez ere.
Lugaresarestik entsegua lortu zuen 64. minutuan, eta Calvok beste behin ere transformatu zuen kolpea (24-13). Etxekoek azken minutuetan markagailuan aldea handitzeko aukera izan bazuten ere, aste-akabuan hamaika puntuko aldeagaz egingo dute bidaia Sevillara.