Legegintzaldiko ohiko azken bilkura izan da apirilaren 30ekoa. Bertan, Barik txartela udal-sistema publikoan txertatu ez ezik, hainbat kreditu gehigarri ere adostu dituzte; Kultur Etxeko eta Musika Eskolako inbertsioak, Alango-Aiboan egindako oinezkoentzako ibilbideak eta Areetako kaiako argiztapena egokitzeko, besteak beste.
Hiru mozio ere onetsi dituzte plenoan. GUK Getxoren bi onartu dira: bidegorrien sareko arrisku-puntuak seinaleztatzearena eta Neguriko geltoki zaharreko eraikina berreskuratzeko obrak gauzatzearena. Udaletxera sartzeko eskaileran balaustrada eta eskudel berriak jartzea ere onartu dute, Ciudadanos-Herritarraken proposamena izan da.