Urtero antolatzen ditu kontzertu bi Getxoko Udalak maiatzeko lehenengo aste-akabuan. Aurten, etxeko artista baten aldeko apustu egin dute. Bibang Ekuatore Guineako etorkinen alaba da, algortarra eta euskalduna. AEKn euskara ikasteari ekin zion hamalau urte zituela, eta gaur egun euskaraz eta gazteleraz abesten du. “Ke No Falte” eta “Etsaiak” taldeetan aritu da abeslari bezala, besteak beste; eta Fermin Muguruzarekin ere ibili da lanean. Rhythm and blues, musika elektronikoa eta hip hop estiloak lantzen ditu batez ere.
Abeslari getxoztarraren ostean, Esne Beltzak eskainiko du zuzenekoa; reggae-a, rock-a eta hip hop-a trikitixaren erritmo tradizionalekaz uztartzen dituen lana aurkeztuko du hamarkoteak: “Ni” (2018). Hamar abestiz jositako disko honek zenbait maitasun-letra biltzen dituen arren, gizarte kezkak ez ditu alboratzen.
Kontzertua igogailua dagoen parkingaren aurrean izango da, eta 21:00etan hasiko dira emanaldiak.