Noiz bihurtu zen Algortako portua Portu Zahar?

Jon Ormaza 2019ko mai. 7a, 08:30

CC-BY-SA LUIDGER

Aurreko atalean Getxoren jatorriez egin nuen berba. Oraingo honetan, berriz, Algortako Portu Zaharraren historia gorabeheratsuaz idatziko dut. Hala, beraren sorkuntzaren kokapena eta mendeetan izandako garapena dira, besteak beste, ondorengo lerroetan azalduko ditudanak.

Getxo udalerriaren jatorriak zeintzuk diren ez dago argi, ezta elizateko portuarenak ere. Lehenengo aipamen zuzena XVI. mende hasierakoa da. Antza, 1501.urtean algortar batzuek ardoa porturatu nahi izan zuten, baina itsaso-komertzioa Portugaleteren eskumenean zegoen, eta horrek kontseiluak merkantzia enbargatzea ekarri zuen (Beascoechea, 1992).

Ez zen Getxorentzat garairik onena, Bilbok eta batez ere Portugaletek baitzituzten itsaso-jardueretarako pribilegio eta eskumen gehienak. Honela adierazten du Beascoecheak (1992): "Portugaleteko hiri-gutuneko testutik, bere pribilegioetatik, hiribildu izena eman dion eskumenetik eta, batez ere, antzinatasunetik, sortu ziren inguruko elizaldeekin gatazkak". Horrek Getxoko portuari hazkunde eta dedikazio-irtenbide urriak uzten zizkion: kalatu baxuko arrantza eta praktiko-lemanen formakuntza. Hala ere, etsipenetik urrun, bide judiziala erabili zuten hainbat alditan XVI. mendean, Portugaleteren pribilegioak kolokan ipini eta etekinak lortzea bilatzeko.

1560an, esaterako, gaur egungo Areeta eta Portugalete arteko hondar-barraren gaineko eskumena borrokatu zuten, ontzi frantses batek barran hondoa jo zuelako barnean legez kanpoko merkantziak zeramatzala. 1583an antzeko gatazka izan zen: ontzi batek jo zuen hondoa, eskumena nahi zuten ontzia salbatu eta lortutako etekina banatzeko. Azkenean, bi urte beranduago, Valladolideko Chancillería-k eman zuen epaia. Honela dio Zabalak (1990): "Bi urteko liskarren ondoren, erabaki zuten Portugaletek errekaren zati baten gaineko eskumena zuela. Gainontzekoa Getxoren esku dago". Garaipen garrantzitsua izan zen, nahiz eta ez zuen ekonomi jardueran eragin handirik izan. Arrantzaleez gain, portua praktiko-lemanen sormen-lekua izan zen mendeetan zehar. Hala lortu zuten izen ona itsasadarrak eta Abran ondo mugitzen ziren marinel getxoztarrek. 1561ean hemeretzik lortu zuten pilotu-titulua, 1652rako 56k (Zabala, 1990), eta 1699rako 79k (Basurto, 1989).

Portuari dagokionez, 1570eko epai batean Algortako kaia eraikitzeko agindua eta aurrekontua azaltzen dira. Beranduago, 1626. urtean, kai berri bat eraiki zuten, aurrekoaren berririk eman gabe; enborrez eta harriz indartutakoa zela suposatu daiteke. Portu berriak sortutako zorrak zerga bereziekin baretu ziren, barratik igarotzen ziren ontziek ordaindu beharrekoak, besteak beste (Basurto, 1989). Kai berri hori babeslekutzat izan zuten hainbat ontzik urteetan, Merinok (1970) adierazten duen bezala: "Portuak moila onak ditu, arrantzarako 17 ontzi hartzeko, eta marinelentzat 98 etxebizitza eraikitzeko".  

1879an hego-ekialdeko inguruan euste-horma bat eta aldapa baten eraikuntza atera ziren enkantera, 1.969 pezetaren truke. Hogei urte beranduago, defentsa-horma bat eta errepidea eraiki zituzten. Baina izenaren zergatia azaltzen duen eraikina, 1905. urtean egin zuten: kai berria. Begoñako galerien parean eraiki zuten, kontramoilatik hasita; 200 metroko portu berria (Arriluzekoa) sortu zuten. Ordutik aurrera, Algortako portuari Portu Zaharra deitzen zaio, berritik bereizteko. Azkenengo aldaketa nagusiak 1948 eta 1950 urteen bitartean burutu ziren (Zabala, 1990); zehazki, Usategira bidean defentsa-horma bat eta zuloan betegarria eraiki zituzten. Hala, gaur egun duen itxura hartu zuen portuak.

Betegarriaren gaineko berdegune berria hutsik egon zen 1970eko hamarkadara arte. Ordurako, Sociedad Mercantil Deportiva de Algorta delakoa sortuta zegoen, eta udaletxearekin konpromisoa hartu zuen urte batean berdegunea urbanizatu eta kirol-turismoko gunea eraikitzeko (Zabala, 1989). Proiektu horrek ez zuen luzaro iraun eta 1980ko hamarkadan, nonbait, krisialdian murgilduta, goitik behera bota eta berdegunera itzuli zen berriro ingurua. Gaur egun ematen zaizkion erabilerak denok ezagutzen ditugu (askotariko aisia, kirola eta festa, batik bat) baina auskalo hemendik eta 200 urtera etorkizuneko getxoztarrek zer nolako Portu Zaharra irudikatzen duten eta zertarako erabiltzen duten. Ezin orain iragarri, ezta?

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun