"Romon Bizi" proiektua aurkeztuko du bihar EH Bilduk

Erredakzioa 2019ko mai. 7a, 08:35

EH Bilduk aurkeztutako proposamenaren infografia Itzubaltzeta/Romorako.

Proposamen horrek honako helburuak dauzka: Nagusien Etxearen eraikina mantentzea, Xake Plazaren ondoko aparkalekua lur azpikoa izatea  eta horren gainean alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzea. Ideia horien nondik norakoak aurkeztuko dituzte bihar, eguaztenean, Romo Kultur Etxean izango den bilera irekian.

EH Bilduk gogoratu duenez, "luzea" da Itzubaltzeta/Romoko auzokideek eta nagusiek aurrera daramaten borroka: "Auzoan bizi nahi dute, eta auzoan gazteak nahi dituzte. Behin eta berriro esan dute Nagusien Etxea dagoen tokian mantendu nahi dutela eta eraikin horiek, auzoko historiaren parte direnak, babestu eta ez eraistea aldarrikatu dute".

Izan ere, EAJ eta PSE-EE alderdiek osatzen duten gobernu-taldeak Nagusien Etxea bota gura du, gazteentzako etxebizitzak eraikitzeko, lekualdaketa eta eraiste horren kontrako mugimendua handia izan den arren azken urteotan.

"Argi daukagu gauzak beste modu batean egin daitezkeela", dio EH Bilduk, "nagusien borondatea errespetatuz, ondare historikoa babestuz, etxebizitza eskubidea bermatuz".

Hala, Itzubaltzeta/Romorako daukaten proposamena aurkeztuko dute bihar, eguaztenean, Romo Kultur Etxean. Alde batetik, Nagusien Etxeko eta Euskaltegiko eraikin historikoak gorde eta babestea gura dute, nagusientzako eguneko zentroa abiatzeko eta Nagusien Etxearen goialdean hutsik dauden etxebizitzetan, nagusientzako etxebizitza komunitarioak sortzeko.

Bigarren helburua da gazteentzako etxebizitzak eraikitzea eta oinezkoentzako tokiak berreskuratzea. Hala, alokairurako etxebizitza sozialak egun Xake enparantzako aparkalekuan eraikitzea proposatu du koalizio abertzaleak, gaur egun dagoen aparkalekua etxeen azpian mantenduz, daukan funtzio berberagaz. "Proposamenak ere argi babesten du egun dauden aisialdirako espazioak mantentzea, baita espazio berdeak handitzeko beharra ere", azaldu dute arduradunek.

Gogoratu dutenez, proposamen hori "erabat moldagarria" da. Datozen egunetan talde ezberdinakaz lehenengo hartu-emana egingo dute proposamen hori aurkezteko, eta bihar, hilaren 8an, asanblada irekia egingo dute Romo Kultur Etxean, proposamena jendarteratzeko. Irailean, aldiz, prozesu parte-hartzailea abiatzea aurreikusi dute, ekarpenak jaso, aldaketak egin eta proposamena ahalik eta jende gehienaren artean osatzeko.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun