Open Space jardunaldian izena emateko epea zabalik dago

Kerman Santiago Alkorta 2019ko mai. 7a, 10:13

Otsailean egindako hiri abegitsurako hausnarketa. © GETXOKO UDALA

Open Space partaidetza-jardunaldia antolatu du Getxoko Udalak. Zapatuan egingo dute, hilaren 11n, 10:00etatik 18:00etara Fadura kiroldegian. Udal-iturriek azaldu dutenez, herritarren hausnarketarako prozesua sustatzea du helburu ekimenak, baita Getxo “hiri abegitsu” moduan dituen ezaugarriak zehaztea ere.

Proiektuak topaketarako, hausnarketarako eta narrazio digital inklusiboen baterako sorkuntzarako eremuen sorrera sustatu nahi dutela adierazi dute udal-iturriek: “Getxoztarrek Getxok hiri abegitsu moduan duen mezua sortu eta zabaldu dezaten; herritarrak partaidetzazko estrategiaren bidez sentsibilizatu eta inplikatzea da helburua”.

Horrez gainera, Getxoko migratuen eta errefuxiatuen harreragaz eta inklusioagaz duten “gizarte-konpromisoa” bultzatzen duen erkidegoa ere sortu nahi duela azaldu du Udalak.

Denera, 100 pertsona inguruk hartuko dute parte jardunaldian, eta daborduko maiatzean eta ekainean topaketa gehiago egingo dituztela azaldu dute. Herri-kanpainia ere egingo dute, eta urte amaieran Getxoko Kulturarteko Hiri Abegitsuaren Adierazpena adostea espero dutela adierazi du Udalak.

GEUZ, Gatazka Eraldatzeko Unibertsitate-Zentroak dinamizatu du Open Space, eta Getxoko Udalak antolatu du; Moviltik Berrikuntza Kulturalerako Elkartea, La Caixako Gizarte Ekintza eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzagaz elkarlanean. Izena eman daiteke 688 897 691 telefono zenbakira deituz edo hemen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun