Bezeroak diseinatutako eta eskuz egindako pieza errepikaezinen xarma

Publierreportajea 2019ko mai. 7a, 15:49

Argazkia: HODEI TORRES

Algortako Iturgitxi kaleak egiten duen zabalgune txiki batean topatuko duzu Iratxe Bilbao buztingilea, aldi berean denda eta tailerra den txoko gozoan. Sartu aurretik ere, atean dauden kartelek ohartaraziko dizute barruan eskuratu dezakezunaz: "Hemen saltzen dena, hemen eginda dago"; "Zeramika-pieza errepikaezinak, eskuz egindako prozesu pertsonalizatua".

2017. urtearen amaieratik dauka zabalik denda Iratxe Bilbaok, bizitza osoan zaletasuna izandakoa ogibide bihurtzea erabaki zuenetik. Hobeto azalduko digu berak: "Orain dela 30 urte inguru hasi nintzen buztingintzan, hobby modura eta modu autodidaktan. Baneukan lana, inprimategi batean, goizez, eta arratsaldez zeramikazko piezak egiten nituen, baina umea eduki ostean ez neukan denerako astirik; harekin egon ahal izateko, aukeratu beharra nuen, eta hau aukeratu nuen".

Trofeoak, oroigarriak, opariak...

Saltzen duen gehiena bezeroen enkarguz egiten du Bilbaok, bere eskuz. Lehiaketetarako eta kirol-probetarako garaikurrak, oroigarriak... "Horrelako asko eskatzen didate; bide batez, esan beharra dago bezeroak aukera duela piezaren diseinuan parte hartzeko".

Sarritan, eskariagaz batera ideia orokor bat jasotzen du Bilbaok, eta askatasunez garatzen du ideia. Beste batzuetan, berriz, bezeroak beragaz batera egiten ditu sorkuntzaren lehenengo pauso horiek,"biak paper beraren gainean lanean". Azkenean buztingileak bozeto bat erakutsiko dio bezeroari, haren oniritzia jasotakoan pieza egiten hasteko. "Batzuetan ez didate eskatzen baina ni lasaiago geratzen naiz eredu txiki bat erakutsiz gero", argitu du. Abiapuntuak ez du zertan marrazki bat izan, bestalde; argazki bat ere oso egokia izan daiteke, esate baterako. Azpimarratzekoa da sortutako pieza bakarra eta errepikaezina izango dela, eta horrek balio berezia ematen diola.   

Gero buztinean gauzatuko den irudiaren konplexutasunari dagokionez, printzipioz mugarik ez dago. Saltzen dituen lanen kopiak gordetzen ditu Bilbaok, bere denda-tailerrean ikusbide daudenak. Horietako batzuk zeramikan egindako margolanak dira, paisaia osoenak barne. Bide batez esateko, pieza ederra izateak ez du esan gura funtzionaltasunik eduki ezin duenik. Apaintzea beste zereginik ez duten aleen ondoan, egunero erabiltzeko modukoak ikusiko dituzu Iratxe Bilbaorenean: kolore biziz edertutako platerak, fruta-ontziak, lanparak...

Irauteko egindako piezak

Esku hutsez lan egiten du Iratxe Bilbaok, ez du tornua erabiltzen. Piezak tailerraren atzeko aldeko labe bietako batean berotzen ditu, tenperatura altuan: 1.260 gradu. "Horrela lortzen da gogorrak izatea, eta beraz erabilgarriak", dio buztingileak, "ez dira deformatzen, eta luzaroan kanpoan egoten direnek, lorategietarako apaingarriek adibidez, primeran jasaten dituzte eguzkia, euria...". Koloreak Bilbaok berak sortzen ditu, nahasketa egokiaren bila probak eginez. "Pieza bat egiteko prozesuak ordu laurden edo egun bi iraun dezake, eskariaren arabera", azaldu du.

Non topatu

  • Helbidea: Iturgitxi kalea, 4 behea, 2-D. 48991 ALGORTA
  • Ordutegia: 10:00etatik 15:00etara
  • Telefono-zenbakia: 635 205 311
  • Posta elektronikoa: iratxezeramika@gmail.com
  • Webgunea: www.iratxebilbao.com
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun