Jaioterrira eta iraganeko mamuetara buelta

Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoa 2019ko mai. 9a, 08:53

Datorren maiatzaren 30ean izango da Algortan, Villamonteko Kultur Etxean, Ugaitz Agirre usurbildarra (1992), Tximeletak bizkarrean eleberriaren egilea, Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoan biltzen garenokin aurrez aurre liburuaz berba egiteko.

Sara da eleberriaren protagonista. Kataluniako herri batean du jatorria, Gironellan, baina Florentzian (Italia) bizi eta lan egin du azken urteotan. Historia irakaslea da bertako unibertsitatean. Nobelaren hasieran, Sarak Giulia izeneko lankide italiarra ezagutu du orain hilabete gutxi eta haren bitartez harreman mota berrietara hurbiltzen hasita dago. Noraezean sentitzen da. Hausnartzeko epea behar du. Nahasita du burua. Kinka larrian dago.

Sarak ahizpa gazteago bat dauka, Ana,  herrian geratu zena haien aita larriki gaixotu zenean. Sarak egin zuen bezala Anari ere Bartzelonako Unibertsitatean ikasketak egitea gustatuko litzaioke, baina etxekoen zaintzen ardura bere gain hartu behar izan zuen, Sara herritik urrun mugitu zen bitartean, ikasketak eta lanbidea garatzeko.

Anaren dei bati erantzunez, Sara aitarekin hitz egitera itzuli da herrira hainbat urteren ostean. Ez da Gironellan eroso sentituko, ez zaio herria ezagun egingo; denborak dena aldatu du: espazioak, paisaiak, jendea... Aspaldikoekin egon da aurrez aurre, eta galdera asko egin ditu eta egin dizkiote. Kontu asko baitago argitzeko. Denen bizitzak aldatu dira eta bat baino gehiagori heriotza ere iritsi zaio.  

Sasoi batean, Marta eta Xavi Sararen lagun minak izan ziren. Bigarrena Bartzelonan bizi da, senarrarekin batera. Florentziara itzultzeko bidean, Sara Bartzelonara abiatuko da Xavirekin, eta bide batez ikasle-garaiko gela, areto eta giroak gogoratzeko pausoak emango ditu. Ugaitz Agirreren narrazioaren bitartez, soinu, pentsalari, orientazio, esparru, garai historiko eta eszenario ugaritara helduko gara. Liburuak hainbat jendarte, bizimodu, iritzi eta kezka ezagutzeko parada ematen digu, euskara dotore eta jatorrean. Hamaika kapitulutan banatuta dago eleberria, eta horietako bakoitzak izenburu bitxi bat du. Liburuaren izenburuak berak, berriz, itsasoaren bestaldeko ukituak ekartzen dizkigu.

Esan bezala, Getxora etorriko da eleberriaren egilea datorren maiatzaren 30ean, Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoak gonbidatuta. Hitzordua 19:30ean da. Animo eta zatozte! Aukera ederra izan daiteke!

Egilea: Ugaitz Agirre
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2018
Orrialde kopurua: 313
Jatorrizko hizkuntza: Euskara

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun