Urtebetez luzatuko da GetxoBizi zerbitzua, lehen hamarkada beteta

Unai Brea 2019ko mai. 13a, 10:59
Hamar urte bete ditu GetxoBizi zerbitzuak. © GETXOKO UDALA

Bizikletak mailegatzeko eta aparkatzeko GetxoBizi zerbitzua beste urtebetez luzatzea erabaki du Getxoko Udaleko Gobernu Batzordeak. Orain dela hamar urte ipini zuten martxan GetxoBizi, eta 265.000 mailegu inguru egin ditu denbora horretan. 

170.000 euro inguru gastatuko ditu Udalak GetxoBizi zerbitzua luzatzeko, Ingurumen Arloak adierazi duenez. Iturri beraren esanetan, 27.000 aldiz erabili zen Getxo Bizi iaz (egunero batez beste 72 mailegu), 2017an baino %30 gutxiago. Zerbitzua martxan ipini denetik urterik euritsuena 2018 izan dela gehitu dute, beherakada azaltzeko. Hala ere abonatu-kopurua handitu egin dela esan dute: 2017ko 868etatik, 2.002ra. Aurten, urtarriletik martxora bitartera, 6.472 mailegu egin dira.

Bizikletak hartu eta uzteko hamahiru leku ditu GetxoBizik, baita ere 179 aparkaleku. Denera, 159 bizikleta eskaintzen ditu zerbitzuak. Bizikleta publikoa alokatzeko urteko bonuak hamar euro balio du, eta norberarena aparkatzekoak, berriz, hogei. Noizbehinkako bonuak euro bi balio du. Goizeko 07:00etatik gaueko 22:00etara arte erabil daiteke GetxoBizi.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun