Azken eraso matxistak salatu dituzte Getxon

Iker Rincon Moreno 2019ko mai. 14a, 08:32
Dozenaka lagun bildu ziren astelehenean azken indarkeria matxistak salatzeko.

Getxo udalerrian asteotan jazotako eraso matxistak salatzeko mobilizazioa egin zuen atzo, astelehenean, mugimendu feministak. "Nazkatuta gaude!" oihuen artean, indarkeria matxista eta adin txikikoen kontrako erasoak salatu zituzten dozenaka lagunek Algortako erdigunean.

Getxoko mugimendu feministak deitoratu duenez, "etengabeko indarkeria matxista" bizi izan da udalerrian azken asteotan: "Azken gertakari horiek aditzera ematen digute egiturazko sistema kapitalista heteropatriarkalaren indarkeriak inoiz baino biziago dirauela gure gorputzak bortxatzen, gu erabiltzen".

Horren aurrean, "egiturazko eta sistematikoa den" indarkeria hori normalizatzeko prest ez daudela iragarri zuten: "Ez gaude prest gure aurkako biolentziari men egiteko". Era berean, elkartasuna helarazi gura izan zieten indarkeria matxista jasan duten emakumeei, haurrei eta beren familiei: "guk sinisten dizuegu!".

Azkenengo eraso matxistak Getxon

Maiatzaren hasiera gordina izan da Getxon. Izan ere, indarkeria matxistak gogor kolpatu du udalerrian. Alde batetik, hilaren 4an, gizon bat atxilotu zuen Udaltzaingoak bere bikotekideari mehatxuak eta kalteak eragitea egotzita; kasu horretan, emakumea Gurutzetako ospitalera eraman behar izan zuten. Bestetik, hilaren 9an, eguenean, Ertzaintzak 44 urteko gizon bat atxilotu zuen Getxon, adin txikiko bi senideri sexu-abusuak eta sexu-erasoak egitea leporatuta. Izapideak amaitutakoan, atxilotua epaitegiaren esku gelditu zen eta epaileak espetxeratzea agindu zuen.

Azkenengo kasu horretan, emakume batek salaketa aurkeztu zuen maiatzaren 2an Ertzaintzaren aurrean. Horren arabera, senide bat adin txikiko bere alabari sexu-abusuak egiten ari zitzaion. Gainera, ikerketan jakin ahal izan denez, gaur egun adinez nagusi den salatzailearen beste alaba bat ere atxilotutako gizonaren biktima izan zen. Hala ere, mehatxuak tarteko, gertatutakoa ez zioten inori kontatu orduko hartan, iturriek jakinarazi dutenez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun