Mahai-ingurua antolatu duten elkarteek azaldu duenez, Udalean parte hartzen duten alderdi denak gonbidatu dituzte ekimenean parte hartzeko, baita maiatzaren 26ko udal-hauteskundeetara aurkeztuko diren hainbat talde ere. Hala, honakoek baieztatu dute mahai-inguruan parte hartzea: Eduardo Andrade (PP), Nerea Gijarrubia (EH Bildu), Carmen Diaz (PSE-EE), Paula Amieva (Elkarrekin Podemos, gaur egun GUKeko bozeramailea), Kike Prada (GUK), Begoña Losilla (Ciudadanos) eta Alejandro Zabala (Libres por Euskadi).
Elkarteek jakinarazi dutenez, EAJ ere gonbidatu dute horretan parte hartzera, baina talde horrek gonbitari uko egin diola deitoratu dute. Diotenez, EAJk baztertu egin du proposamena Amaia Agirre alkategai jeltzaleak auzoko hainbat auzokidegaz bildu zelakoan hauteskunde-kanpaina hasi baino lehen. Era berean, EAJk bere hauteskunde-programa zabaltzeari eta bere konpromisoei zentratuta dagoela azaldu ei die antolatzaileei. HIRUKA Getxoko EAJ taldeagaz harremanetan jartzen saiatu da horren inguruko zehaztasunak jasotzeko, baina ez du oraindino erantzunik jaso.
Horren denaren aurrean, auzokideen elkarteek azaldu dute EAJk ez duela "inolako" harremanik izan euretako bategaz ere ez: "argi gelditu da ez dugula bat egiten EAJren programagaz, ezta alkategaiaren konpromisoakaz ere". Era berean, mahai-inguruan udal-taldeetako edozein hautagaik parte har dezakeela gogoratu dute antolatzaileek, "ez dute zertan alkategaiak bakarrik izan behar". Hala, Agirreren ordez beste pertsona batek parte har dezakeela proposatu dute Ibar Nagusien Etxekoek, "baina badirudi EAJk ez duela mota honetako foroetan parte hartu gura, goraipamenak beharrean galdera deserosoak jasoko lituzketelako", esan dute.
Mahai-ingurua gaur, eguenean, izango da, 18:30ean, Lope de Vega kalean dagoen nagusien etxean bertan.