Hurrengo egunean, ekainaren 21ean, lehiaketara aurkeztutako kartel denak ikusgai egongo dira Algortako San Nikolas plazako frontoian, 18:00etatik 20:30era. Hala, herritarrek gustukoena bozkatu ahal izango dute bertan. Irabazleak 300 euro jasoko ditu eta jaietako irudia (liburuxketan, karteletan...) izango da bere lana.
Ezaugarriak
Kartelen ezaugarriei dagokienez, DIN A3 (29,7 x 42 zentimetro, ez-etzana) neurria eduki beharko dute aurkeztutako lanek. Gaia librea bada ere, "Algortako San Inazioak 2019", "Uztailak 27-31" eta "Jaietan ere euskaraz!" dira jarri beharreko leloak. Era berean, antolatzaileek ohartarazi dute ez dutela mezu edo irudi sexistarik, homofoborik, arrazistarik edo xenofoborik daukan kartelik onartuko; lan horiek lehiaketatik kanpo geratuko dira zuzenean.
Kartelei ez zaie ipiniko egilearen izenik, bakar-bakarrik goiburua jarriko zaie. Horregaz batera, goiburu berbera daraman gutun-azal bat aurkeztu beharko da, eta barruan egilearen izen-abizenak, NAN zenbakia, helbidea, telefono-zenbakia eta helbide elektronikoa idatziko dira. Era berean, kartela digitalizatuta ere eman beharko da, kartelagaz batera aurkeztuko den CD batean.