Microsoft enpresa teknologikoaren dei faltsuaren iruzurra atzeman du Ertzaintzak Getxon. Polizia iturriek jakinarazi dutenez, zortzi lagunek salatu dute udalerri horretan iruzur mota hori jaso izana. Urte honetan zehar, gainera, mota horretako 60 salaketa jaso dituzte EAEn.
Iruzurgileek telefonoz dei egiten diete biktimei euren burua Microsofteko langileak izango balira bezala, eta hainbat engainuren bidez, horien ordenagailuen sisteman sartzea lortzen dute. Ondoren, inolako baimenik gabe, biktimen datu pertsonalak zein bankukoak atzitu eta hainbatetan diru kopuru handiak lapurtu izan dituzte.
Mota horretako enpresa informatiko edo teknologikoen deiren bat jasotzekotan ez fidatzeko ohartarazi du Ertzaintzak, enpresa horiek normalean ez baitiete erabiltzaileei deitzen gorabehera mota horiek konpontzeko. Gainera, datu pertsonalak telefono bidez inola ere ez emateko gomendatzen dute.