Hitzen Jaialdia egingo du Getxoko Gure Esku Dagok ekainaren 23an Algortan

Iker Rincon Moreno 2019ko eka. 3a, 15:54

Adostasunaren Plaza egin zuten 2016an Algortan.

Gure Esku Dagok ziklo berri bati ekingo dio erreferendumak antolatu ahal izateko dinamikan oinarrituta. Hortik abiatuta, ospakizuna eta aldarrikapena uztartzeko ikuskizuna antolatu du ekainaren 23rako Getxoko taldeak. Horretan, hitzaren balioa nabarmenduko dute: "Hitza da gure bidea". [ARAZO TEKNIKOENGATIK BERTAN BEHERA GELDITU DA]

Ekainean bost urte beteko dira Gure Esku Dagok Durango eta Iruñea lotu zituen giza katea egin zuenetik. Denbora tarte horretan erabakitzeko eskubidearen eztabaida mahai-gainean ipintzeko urrats garrantzitsuak eman ditu: 2014ko giza katea (Durango-Iruñea), 2015eko estadioen ekitaldia eta oihalen dinamika, 2016ko Adostasunaren Plaza Getxoko Biotz Alai plaza (erabakiaren adierazpena), 2017ko kontsulta eta 2018ko giza katea (Donostia-Gasteiz).

Bost urte lanean, baina oraindino urratsak egiten jarraituko du Gure Esku Dagok. Erabakitzeko eskubidea autogobernuaren gaineko eztabaidaren erdian jarri dute, "baina erabakitzeko eskubidea herritarron aldarri bihurtzen ari da arlo askotan". Getxoko Gure Esku Dagok azaldu duenez, kontua ez da zer estatus politiko nahi den, "baizik eta nola bizi eta nola kudeatu nahi dugun gure oraina eta gure geroa".

Hala, ziklo berri bati ekingo dio orain, erreferendumak antolatu ahal izateko. Hortik abiatuta, ospakizuna eta aldarrikapena uztartuko dituen ekitaldia antolatu du Getxoko taldeak ekainaren 23rako.

"Elkarrekin aro berri batean"

Aro berri honetan orain arte egindako bidean jarraitu behar dutela ohartarazi du Gure Esku Dagok. Hori dela eta, Getxoko Muxikebarri Antzokia betetzeko saiakera egingo dute ekainaren 23an erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapena egiteko: "plaza publikoa da gure agertokia".

Hitzen jaialdia egingo dute ekainaren 23an, domekan. Horretan, hitzakaz jolastuz, Gure Esku Dagoren mezua jorratuko dute, adituen eskutik eta mezu laburren bidez, jakinarazi dutenez. "Hitzaren garrantzia azpimarratu nahi dugu, hitza balioan jarri, hitza, hitz egitea eta hitzartzea aldarrikatu".

Iragarri dutenaren arabera, ikuskizun dinamikoa izango da, hala nola hitza, dantza, kantak, elkartasuna, aldarrikapena, musika eta bideoak tartekatuko dituena. Era berean, udalerriko askotariko artista ezagunak egongo direla jakinarazi dute.

Ekimena eguerdiko 12:00etan hasiko da, Muxikebarri Antzokian. Horretara joan gura duenak 5 euro ordaindu beharko ditu, sarreraren truke. Horiek Algortako Kantxa Kirol Moda dendan eta Taberna Berrin egongo dira eskuragarri. Horrez gainera, hainbat salmenta puntu jarriko dituzte egunotan:

Algorta (Telletxe plaza)

  • Ekainak 8: 12:00-14:00
  • Ekainak 14: 18:30-20:00
  • Ekainak 15: 12:00-14:00
  • Ekainak 21:18:30-20:30
  • Ekainak 22: 12:00-14:00

Itzubaltzeta/Romo (La Mona taberna ondoan eta Amaya taberna ondoan)

  • Ekainak 8: 13:00-15:00
  • Ekainak 9: 13:30-15:00
  • Ekainak 15: 13:30-15:00
  • Ekainak 16: 13:30-15:00

Egunean bertan, ekainaren 23an, Muxikebarri Antzokian ere erosi ahal izango da sarrera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun