Hondakinen kudeaketa: getxoztarrak, gezurtiak?

Fernando Mijangos 2019ko eka. 14a, 08:00

Artikulu honetan, Getxoko Udalak hondakin solidoen kudeaketaz hitz egiteko duen foroan entzundako galdera bati buruz arituko naiz, betiko legez Prentsa euskaraz, pentsa euskaraz leloari eusten. Izenburuan ageri zaizuen galdera horretxez ari naiz, hain zuzen ere.

Harrituta geratu nintzen goiko galdera hori foro horretan entzun nuenean, eta hari erantzuna eman aurretik semiologian aritzen den irakasle baten arrazoi zehatzak entzun genituen; nik neuk behintzat hark esandakoarekin bat egin nuen. Are gehiago esan nuen eztabaida horretan: gezurtero-en kopurua semiologoak pentsatzen zuena baino altuago dela.

Semiologo horrek Getxoko familia etxebizitza batzuk elkarrizketatu zituen, patxadaz, denbora luzez, presa barik, norberaren ingurumenari buruzko ideiak, kezkak, jarrerak, parte-hartzea eta ematen dituen erantzunak ezagutu eta ondorioren bat atera ahal izateko.

Ingurumenaz arduratuta

Azaldu zigunez, oso kezkatuta gaude getxoztarrok ingurumenarekin oro har, eta gehienbat azken urte hauetan sarri entzuten ditugun klima-aldaketarekin, negutegi-efektuarekin, glaziarren urtzearekin, atmosferaren kutsadurarekin eta abarrekin. Kontzientziatuta omen gaude, eta arazo horien aurrean denok esaten dugu zerbait gehiago egin behar dugula, egin behar dutela. Denok parte hartzen dugu Naturaren aldeko jaietan, denok ekologista txikiak omen gara, esate baterako hondartzetara joaten garenean ez dugu hondakinik lagatzen harean... Inork ez du nahi zentral nuklearrik eraikitzea etxe ondoan, itsaso garbia eta arrainez betea nahi dugu, eta abar.

Plastikoaz kezka bai, baina...

Semiologo horrek galdera gehiago egin zituen elkarrizketetan, garrantzia eman barik, norberaren ohiturak eta erantzunak ea bat zetozen jakin ahal izateko. Esate baterako, ea plastikoekin arduratuta gauden; dirudienez, getxoztar gehienok baietz esan genuen (erne, ez denok), itsasoan aurkitzen diren plastikoak ea guretzat kezkagarriak diren galdetzen zuenean. Gure etxeko erosketa-sistemaz galdetu zuenean, gehienek esan zuten ohikoa zela dendetara edo supermerkatuetara joan eta han erostea plastikoz inguratutako hainbat produktu.

Gure etxeetan hondakinak nola bereizten ditugun galdetu zuenean, askok esan zioten/genion horrekin arduratuta gaudela, gauzak ondo egiten dugula eta ondo bereizten ditugula, hau da, plastikoak, latak eta tetrabrikak kontainer batera, papera eta kartoia beste batera, beira bere lekura eramaten dugula, eta gainerakoa kontainer urdinera eramaten dugula, hortxe bota behar baita.

Alde handia teoriaren eta praktikaren artean

Semiologoak emandako azalpenak agerian ipintzen ditu esaten eta egiten dugunaren arteko kontradikzioak, eta errealitate gordin batera eramaten gaitu: ez gara hain onak benetan. Beraren ustez, eta datu asko eta asko plazaratu zituen uste hori sendotzeko, getxoztarren % 80k ez du egia esaten guztiz, edo desberdintasun handi-handiak topa daitezke pentsaeraren eta praktikaren artean. Teorian oso kezkatuta gaude ingurumenarekin, baina eguneroko jardunean guztiz onartezinak diren zenbait jarrera areagotzen ditugu.

Ez dut artikulu hau amaitu nahi nire ustez kopuru hori zergatik den altuagoa kontatu barik, noski. Azken finean, ni ez naiz semiologoa, kimikaria baizik, beraz zaila egiten zait egia/gezurra eztabaida semiotika horretan parte hartzea. Egia ez esatea gezurra zen definizioz nire gaztetasunean. Hala zen, bai. Gezurti ginen egia esaten ez genuenean.

Getxoko Udalak hondakinen kudeaketa aztertzeko duen foro horretan esan digute kontainer marroi berriak kale guztietan daudela, eta zabaldu ahal izateko txartel elektroniko bat behar dugula, Udalak banatzen duena norberak eskatu eta gero. Gaur egun, gutxi gorabehera, 3.000 txartel banatu dira. Eta Getxon 30.000 etxebizitza baino gehiago dagoenez, nik esango nuke getxoztarren % 10ek baino ez duela bereizten organikoa. Gainerako % 90ek zer esaten eta zer egiten dute?

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun