Ostalaritzan beirazko ontziak birziklatzea sustatzeko kanpaina abiatu du Getxoko Udalak

Erredakzioa 2019ko eka. 12a, 09:32

Ostalariek beira gehiago birzikla dezaten kanpaina abiatuko du Getxoko Udalak. © GETXOKO UDALA

Getxoko Udalak kanpaina berri bat jarri du martxan ostalaritzako lokalen artean beirazko ontzien hondakinak birziklatzea sustatzeko eta hondakin asko sortzen dutenak horiek behar bezala kudeatzera behartzen dituen ordenantzak betearazteko.

Ekintza Ecovidrioren Horeca programaren (ostalaritzari, jatetxeei eta cateringari buruzkoa) baitan dago. Horren bidez, irabazi asmorik gabeko erakunde horrek funtsak bideratzen dizkie hitzarmenari atxikitako administrazio publikoei, beirazko hondakinak jatorrian bereiztearen prozesua hobetzeko eta beira errefusaren ontzira botatzea ekiditeko. Getxoren kasuan, kanpaina honegaz gaur egungoak baino 400 beira tona gehiago berreskuratu gura dira (gaur egun errefusean amaitzen dutenak). Hala, jatorrian guztira % 6,3 bereiztetik, % 7,6 bereiztera pasatu gura da beirari dagokionez; hau da, 2018an jasotako 1.845 tonatik 2020ko udan 2.245 tona jasotzera pasatu gura da, Udal iturrien arabera.

Udalak bisitak egingo dizkie ostalariei (kanpainaren berri emateko gutun bat ere bidaliko zaie), informazioa emateko eta beharrizanak antzemateko, eta askotariko edukierak dituzten kuboak emango dira lokal bakoitzak sortzen duen kopuruaren arabera beira birziklatzea errazteko. Gainera, auditoriak egingo dira jatorrian behar bezala bereizten dela egiaztatzeko. Araudia betetzen ez bada, bigarren bisitan gutun izendun bat emango da, eta araudia ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak jakinaraziko dira.

Ostalaritzako sektoreak estatuan saltzen diren erabilera bakarreko beirazko ontzien hondakinen ia % 52 sortzen du; beraz, sektore gakoa da birziklapenari lotutako helburuak lortu ahal izateko. Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako jarduneko zinegotziak, Joseba Arregik, honako hau adierazi du: "Udalaren eta ostalaritzaren arteko elkarlana ezinbestekoa da gaikako bilketaren tasa handitzen jarraitzeko. 2018an, tasa hori % 31,34koa izan zen Getxon". Ildo horretatik, Ekonomia Sustapeneko arloko jarduneko zinegotziak, Ignacio Uriartek dioenez, "beiraren bilketan aktiboki inplikatuta dauden establezimenduen laguntza” eskertu du; halaber, eskatu du “udalerriko gainontzeko ostalari eta langile guztiak inplika daitezela kanpaina honetan proposatutako jardunbide egokiak garatzeko eta gaikako bilketaren zifra horiek handitzen jarraitzeko".

2018an, Ecovidriok emandako datuen arabera, beirazko ontzien hondakinen 23,95 kilo birziklatu zituen getxoztar bakoitzak. Udalerrian zehar banatutako 290 edukiontzietan 1.845 tona biltzera iritsi zen hiria. Kanpainaren xedea da beirazko ontzien gaikako bilketa handitzea jatorrian; zehazki, 400 tona gehiago lortu gura dira.

Kanpaina hori aurrera eramateko, landa-lana egingo da beirazko ontzien birziklapenari buruzko udal ordenantzen ezagutza indartzeko. Konponbideak eskainiko dira eta jardunbide desegokiek hirian nahiz hondakinak sortzen dituen establezimenduan bertan duten eraginaren berri emango da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun