Getxo Elika Gara, elikadura jasangarriaren aldeko proiektuak ezagutarazteko programa

Unai Brea 2019ko eka. 18a, 13:07
© GETXOKO UDALA

Getxo Elika Gara proiektua ipini du martxan Getxo Elika udal ekimenak. Elikaduraren esparruan ohitura osasungarri eta jasangarriak bultzatzen dituzten egitasmoak ezagutzera emango dituzte, haren bidez. Honenbestez, eremu horietan diharduten bertoko eragileei ekimenagaz harremanean jartzeko eskatu dute, ahalik eta proiektu gehienen berri izateko.

Sasoiko produktuak erabiltzea, bertan ekoiztea, gertutasuna edo 0 km deritzona, dietak pertsonalizatzea, garapen gastronomiko berriak, elikadura segurua eta kalitatezkoa, hondakinen murrizketa... Horiek dira Getxo Elikak sustatu gura dituen balioetako batzuk. Horretarako, tokiko ekimenak nabarmentzen ditu, hainbat arlotakoak: ostalaritza, merkataritza, banaketa, hezkuntza... Hartara, elikadura osasungarria eta jasangarriaren aldeko ekimen bat martxan duenari euren historiaren berri emateko eskatu dute, kaixo@getxoelika.eus posta elektronikoko helbidera idatziz edo www.getxoelika.eus webgunearen bidez.

Getxoko Udaleko Ekonomia Sustapenerako Arloak azaldu duenez, bost ekimen nabarmendu dituzte orain arte: "Dieta pertsonalizatzean arreta berezia jartzen duen Nutre-t zentroko Itxaso Marin nutrizionistarena; elikadura ekologikoa ariketa fisikoarekin eta ongizatearekin integratzeko apustua egiten duen Lamiak zentroarena; bertako produktuez egindako platerrak eskaintzen dituen Andra Mariko “Getxo Zaharra” batzokiarena; Runappetiten sareen bidez kirolarientzako errezeta osasungarriak zabaltzen dituen Imanol Loizagarena; eta Artalde elkartearekin batera sukaldaritzari buruzko kalitate handiko prestakuntza eskaintzen duen Lucía Aragonésena".

"Tokiko ekimen horiek lagundu egiten dute kontsumitzeko era berriak garatzen eta joerak aldatzen", adierazi dute, "beraien ekintzen bidez herritarren kontzientzia eta bizi-estiloa hobetzen dituzte".

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun