Herritarren parte-hartzerako atala zabaldu du honezkero aurtengo Getxophotok. Gura duen edonork bidali ahal izango du irudi bat, profesionalek barne. Adinez beherakoek ere aukera izango dute, gurasoen baimena edukiz gero. Parte-hartzaile bakoitzak erretratu bakarra bidal dezake, "Etorkizunaren etorkizuna" ideiaren inguruan; "zentzu zabalean hartuta", antolatzaileek adierazi dutenez.
Jasotako argazki denak Getxophotok dirauen bitartean (irailaren 4tik 29ra) jaialdiaren webgunean ikusi ahal izango den bideo batean txertatuko dituzte, eta 40 onenak Algortako hainbat dendatako erakusleihoetan egongo dira epe berean. Abuztuaren 1ean jakinaraziko dute zeintzuk diren hautatuak. Aurten, lehenengoz, Algortako Dendak elkarteak argazki onena aukeratu eta egileari 100 euroko bonua emango dio elkarteko dendetan gastu ahal izateko.
Lotura honetan ikus daitezke parte hartzeko baldintza zehatzak eta bestelako zenbait argibide.
Hamaiketakoa profesionalakaz
Bestalde, Getxophotok jaialdian izango diren ekimenetako batzuk iragarri ditu. Esaterako, irudigintzako profesionalakaz batera egiten diren hamaiketakoetan Juantxo Egaña, Ixone Sádaba eta Oskar Martínez argazkilariak egongo direla jakinarazi dute. Irailaren 14, 21 eta 28an egingo dituzte saiook.