Getxoko Udaleko Ingurumen Arloa izan da ekimena gauzatu duena, Getxo-Leioa Oinarrizko Lanbide Heziketa Zentroko landa-lorezaintzako ikasleen laguntzagaz. Estatuan garatzen ari den proiektua da, Zerynthiak, tximeletak eta bizi diren tokiak ikertu, dibulgatu eta zaintzeko Elkarteak, eta SIECEk, Ekosistemak Ikertu eta Zaintzeko Iberiar Elkarteak, bultzatzen dutena. Egitasmoari esker, dagoeneko Oasi ugari dira penintsulan barrena banatuta daudenak; eta, aipatutako helburuaz gainera, hiritarren kontzientzia ere astindu gura du tximeleta-populazio murrizketaren arazoari eusteko.
Espezie ezberdinak hazteko landare egokiak
Getxo-Leioa ikastetxeko ikasleek eraiki duten Oasia bi baratze-alorretan dago banatuta (lurraren gainean lau angeluko bi sekzio dira), ondo bereizitakoak, bertako landare-espezieakaz hornituta daudenak: lehenengoan, tximeleta-beldarrentzat elikagai-iturri bakarra dien landareak ipini dira, imagoak –metamorfosi prozesua amaitutakoan helduarora iritsi den intsektua- errunaldi faserako erakartzen dituzten landareak direlako. Aldameneko baratze-alorrerako, berriz, loreztitan aberatsak diren landare mota askotarikoak aukeratu dira, tximeleta helduentzat.
Labur esanda, Ingurumen Arloan sortutako Oasiak espezie ezberdinak hazteko landare egokiak ditu, beldar mota ezberdinek landare espezie desberdinak behar baitituzte beren garapenerako. Oasi honetan, “makaon” bezalako tximeleta handiak aurkituko ditugu, baina baita landa-eremuetan normalean gizakiokin elkarbizitzen direnak ere: “aza-tximeleta handia” edo “kolia” izenez ezagunak, adibidez. “Kolibri-esfingea” deituriko sitsa ere, egunez hegan egiten duena eta erlastar antza daukana; erraz ikus daiteke loreztia hartzen baitu hegan egiten duen bitartean, pausatu barik.
Lanak amaitu ondoren, Zerynthia elkarteak identifikazio-zenbaki bat eman dio Ingurumen Aretoko Oasiari; ondorioz, espainiar Estatu osoko “Tximeleten oasia” sareko partaide bihurtu da.
Gainera, ingurumen ekipamendu horrek hiritarrei eskaintzen dien era askotako baliabideen barruan sartu da; eta zientziagaz lotutako hainbat jarduera egiteko agertoki ezin hobea izango da.