Jaia 18:30ean hasiko da disko-festa bategaz; ondoren, 19:00etan aurpegia margotzeko tailerra; 19:30ean bertsolariak; 20:30an txokolatada eta munduko postreak dastatzeko aukera izango da eta 21:00etan antzezpen txiki bat suaren inguruan.
Gainera, San Juan gaua Malakaten ospatuko dute Itxas Argia elkartearen eskutik, baita Zubiletan ere, jai egitarauaren barruan.
Segurtasuna, prebentzioa eta garbiketa
Bestalde, domeka arratsaldean eta gauean, Udaltzaingoak baimenik gabeko suteak ez egotea zelatatuko du eta suteen erretzea zainduko du, istripuak ekiditeko. Gainera, Udaltzaingoak, Ertzaintzaren laguntzagaz, prebentzio zerbitzua jarriko du abian hondartzetatik gertuen dauden tokietan, gerta daitezkeen istiluak eta herritarrentzako arazorik ekiditeko. Beste behin ere gogoratzen da egokia dela hondartzara balioko ezer edota sakelako telefonorik ez eramatea; eta eramatekotan, banakako segurtasun neurri pasiboak areagotu behar direla, eramandako gauzak uneoro kontrolpean edukitzeko.
Era berean, udaltzainek lan egingo dute adingabeek alkohola ez edateko eta eraso sexistarik gabeko jaia gozatu ahal izateko ere.
Ohi bezala, Udalak aparteko garbiketa-zerbitzua jarriko du abian, hondartzak eta ospakizunen inguruko kaleak garbitzeko.