Lehenengo domina, zilarra, scull bikoan (2X) iritsi da, gizonen gazte mailan, Aimar Astigarragak eta Asier Larrazabalek osatutako ontziagaz. Urrea Natació Banyolesek lortu du eta brontzea beste euskaldun talde batek, Oriok.
Urrezko hiru dominei dagokienez, guztiak Raspaseko neskek eskuratu dituzte, txapelketa ikusgarri bat eginda. Scull lauko (4X) absolutua, Maialen Mielgo, Marie Pachebat, Virginia Díaz eta Ondiz Lekubarrik osatu dutena, garaile izan da C.N. Sevilla –zilarra- eta S.D. Santiagotarrak –brontzea- elkarteei aurrea hartuz.
Scull biko (2X) ontzia, Virginia Díaz eta Ondiz Lekubarrirena, bestalde, maila absolutuan ere, C.N. Sevillaren –zilarra- eta C.R. Olímpico Do Mandeoren –brontzea- aurretik sailkatu da.
Eta, azkenik, klubaren txapelketa bikaina osatzeko, 8+ absolutuaren finalean, Raspasentzat ere izan da lehen tokia, R.C. Labradores –zilarra- eta C.N. Sevilla –brontzea- garaituz. Raspasen taldea osatu dutenak: Nagore Villalba, Angelica Saucet, Amelie Bertrand, Ondiz Lekubarri, Olaia Romero, Maialen Mielgo, Virginia Díaz, Marie Pachebat eta lemazaina, Irati Olabarri.
Dominarik lortu ez duten arren, nabarmentzekoa da, gainera, Nerea Martín-Aragón eta Aitor Blancoren zazpigarren postua. Lehenengo urteko kadeteak dira eta bakarrik bigarren urtekoak helmugaratu dira beraien aurretik.
Azkenik, aipatzeko da Aimar Astigarraga, Ondiz Lekubarri eta Virginia Díaz hautatu dituela selekzio espainiarreko talde teknikoak nazioarte mailako hurrengo txapelketak prestatzeko, tartean Munduko Txapelketa.