Abian da bigarrenez EuskarAbentura, euskal kultura eta historia ezagutzeko espedizioa

Unai Brea 2019ko uzt. 1a, 19:50

16 eta 17 urte bitarteko 121 gaztek parte hartuko dute espedizioan. © EUSKARABENTURA

Mauletik abiatu dira, iaz bezala, EuskarAbenturan parte hartuko duten 121 gazteak eta euren begirale eta zaindariak, eta iaz bezala, Getxo izango dute helmuga uztailaren 31n. Ia 800 kilometroko ibilbidean gelditu ugari egingo dituzte, Euskal Herria xehe-xehe ezagutzeko.

Euskal Herriko eta diasporako 121 neska-mutilek hartuko dute parte EuskarAbenturaren bigarren edizoan. Denera 798 kilometro egin beharko dituzte Maule eta Getxo artean, horietatik 483 oinez. Iaz bezala, Done Jakue bideetatik ibiliko dira, eta UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatutako guneei egingo diete bisita, baita bestelako hainbat leku esanguratsuri ere. Horrez gain, zazpi euskal hiriburuetatik igaroko dira.

Azken egunean, uztailaren 31n, ailegatuko da espedizioa Uribe Kostara, Bilbo eta Getxo lotuko dituen etapan. Lehenik, Bizkaiko hiriburutik Portugaletera ontziz joango dira ekimeneko kideak, eta handik Getxora, Bizkaia Zubia zeharkatuta. Goizeko 11:00etan dago aurreikusita bertara ailegatzea. Zubitik Muxikebarrira joango dira, oinez, eta bertan izango da espedizioaren amaierako ekitaldia, 12:30etik 14:30era.

Horren aurretik, parte-hartzaileek topaketa ugari izango dituzte hainbat arlotako adituakaz, Euskal Herria xehe ezagutzeko hizkuntzaren, historiaren, gizartearen, naturaren eta kirolaren arloetan, besteak beste.

Parekidetasuna, ingurumenaren zaintza, euskara...

Jzioqui dugu! da EuskarAbenturaren goiburua, eta parte-hartzaileak jzioquitarrak. Gazteen zaintzaz eta bestelako lanez arduratuko den lantaldeak prestakuntza berezia egin du Barriako aterpetxean (Araba), ibilbidean hainbat balore errespetatuko direla ziurtatzeko protokoloak lantzen. Hala, arreta berezia emango diete genero-berdintasunari, zaborren kudeaketari eta, zelan ez, euskararen erabilerari.

Horrez gain, neurri bereziak izango dituzte bidaia osoan segurtasuna eta mediku-arreta bermatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun