Julian Lage (1987, Kalifornia) haur prodijio gisa egin zen ezagun, gitarra akustikoagaz erakutsitako gaitasunari esker. 1997an Oscar sarietarako izendatua izan zen Jules at 8 izeneko film laburrean ikusarazi zuten bere talentua lehenengo aldiz. Sekula ez dio esperimentatzeari utzi, eta hazten eta gora egiten jarraitu du Carlos Santanagaz agertokia partekatu eta horrek etorkizuna haren eskuetan zegoela ziurtatu zionetik. Jim Hall eta Pat Methenyren jarraitzailea izan arren, Julian Lagek jakin izan du bere bide propioa sortzen; hala, Nels Clineyren gisako pop izarrakaz eta John Zornen gisako abangoardiako jazz izarrakaz aritu da.
Musikari handiek, berbarako Gary Burtonek eta Herbie Hancokek, onartu dute teknika miragarria duela, bai eta musikan jarduteko mugarik gabeko pasioa nahiz gitarrari sonoritate apartak ateratzeko gaitasuna ere. Disko berriak beti izan ohi dira aukera berrien iturri.
Orain, 32 urte dituela, figura egonkor bilakatu da eta bere gitarra ziztu bizian jotzeko gai da; hala ere, ez da soilik teknikan murgiltzen, sentsibilitatea ere lantzen baitaki. Orain arte lau album atera ditu lider gisa, azkena, Love Hurts izenekoa, aurtengo otsailean. Horietan guztietan gaur egun propiotzat jo daitekeen soinua garatuz joan da eta horrexek erakusten digu zeintzuk izango diren jazzaren gitarrak hurbileko etorkizunean jorratuko dituen bideak.
Talde Lehiaketan, berriz, Katowiceko Jazz eta Herri musika fakultateko sei ikaslek osatutako Szymon Klekowicki Sextet talde poloniarrak parte hartuko du, eta, "Hirugarren Milurtekoa" atalean, Jon Urrutia piano-jotzailearen hirukote berriaren musikaz gozatu ahal izango dute zaleek. Bere musikan askotariko eraginak bildu ditu, esaterako jazzaren estetika desberdinak eta musika klasikoa zein garaikidea, Europako nahiz Amerikako herri musikakaz nahastuta.
Jam sessions eta erakusketak
Gaur ere jam sessions delako saioak hasiko dira. Zapatura bitartean, Detectives Descalzos taldea jardungo da horietan, 00:00etan, Algortako The Piper’s Irish Pub tabernan. Halaber, Jazzaldia dela eta, uztailaren 21era arte, "Jazz: Henry Matisse" erakusketa hartuko du, margolari frantziar ospetsuaren Jazz liburuaren inguruan. Bestalde, Algortako Villamonteko kultur etxeko erakustaretoan Enrique Crespo argazkilariaren lana izango da ikusgai, Va de jazz izeneko erakusketan.