Open House Bilbao irailaren 28an eta 29an egingo da Bilbon, Barakaldon eta Getxon. Aste-akabu horretan zehar denon artean arkitektura, historia eta hirigintzaz gozatzeko aukera egongo da 70 eraikin baino gehiago bisitatuz eta hainbat ekimenetan parte hartuz. Helburua da jaialdi ireki, didaktiko eta dibertigarri baten bidez Bilbo eta bere inguruko arkitektura, hirigintza, diseinua eta historia ezagutzea eta ulertzea.
Getxoko Turismoko zinegotzia den Irantzu Uriartek aipatu duenez, “ekimen honi esker, normalean itxita dauden hainbat eraikin 48 ordutan zabalduko ditugu, bisita gidatuen formatuan. Era horretan, auzokideei, bisitariei eta turistei Getxoko historia eta garapena eraikinen bitartez erakutsi eta kontatu ahal izango diegu”. Uriartek espero du ekimen horren bitartez lurraldearen barruan txangoak egiteko zaletasuna suspertzea eta Getxora sasoiz kanpo eta aisiak eta kulturak bultzatutako bisitari asko erakartzea, "hori oso garrantzitsua baita helmugaren desestazionalizaziorako". Era berean esan du nazioarteko sare batean presentzia izatea ahalbideratuko duela, "arkitektura eta diseinu arloan Getxo kokatzeko aukera emango duena”.
Open Getxo
Getxon eraikinak bisitatu ahal izango dira irailaren 27an eta 28an eta, gutxienez, 12 izango dira, hala nola Etxe Sorgindua (Olozaga Bizilekua edo Malo Molinaren Etxea), Muxikebarri antzokia, Bake Eder Jauregia, udaletxea, Santa Clara Jauregia eta RKE (Romo Kultur Etxea).
Bisita gidatuak 20 bat pertsonako taldetan egingo dira. 20-30 minutuko iraupena izango dute eta 600 bat boluntario (gehienak unibertsitateko ikasleak) arituko dira eraikinen sarbideak eta bisitak kontrolatzen. Ordutegiak une egokian emango dira ezagutzera.