Madeleine Peyroux abeslaria arituko da bihar Getxoko Jazzaldian

Erredakzioa 2019ko uzt. 5a, 13:59
Madeleine Peyroux izango da biharko protagonista Getxoko Jazzaldian.

Madeleine Peyroux abeslari estatubatuar ospetsuak bihar zapatuan taularatuko da Getxoko 35. Jazzaldian. Saioa Muxikebarriko Ereaga aretoan izango da 22:00etan; sarrerak joan den astean agortu ziren. Aurretik, 21:00etan, Talde Lehiaketako laugarren finalista arituko da bertan, Marc Martín Trio banda katalana. “Hirugarren Milurtekoa” atalean (Algortako Telletxe plaza, 19:00etan), Aishinka emakumezkoen ahots-taldearen saioaz gozatu ahal izango da.

Madeleine Peyroux (1973, Athens; Georgia) jazz munduko abeslaririk arrakastatsuenetariko bat da, baita 90eko hamarkadako prodijiorik handienetakoa ere. Haren musikan, hainbat kantari handien eragina antzeman daiteke, esaterako Ella Fitzgerald, Edith Piaf, Marianne Faithfull eta Patsy Cline eta Billie Holidayena; azken horregaz alderatzen dute sarritan. Peyroux Brooklyn, Hego Kalifornia eta Paris artean hazi zen. Azken hiri horretan hasi zen abesten, latindarren auzoan aritzen ziren kaleko taldeakaz bat eginez. Gero, Lost Wandering Blues & Jazz Band taldeko kide egin zen, eta bira bat egin zuen Europa osoan, zenbait urtean.

Ameriketako Estatu Batuetara itzuli zenean, Dreamland harrigarriagaz egin zuen debuta 1996an. 200.000tik gora kopia saldu zituen, eta bat-batean egin zen ospetsu. Zortzi urte agertokietatik kanpo eman ondoren, 2004an bigarren lana eman zuen argitara: Careless Love, eta horri esker kritikarien ahots gogokoenetako bat izatera igaro zen.

Urte horretan Got You On My Mind ere argitara eman zuen, William Galisonekin egindako duetoa, alegia. Horren ondoren, honakoak iritsi ziren: Half The Perfect World (2006), Bare Bones (2009), “Standing On The Rooftop (2011), The Blue Room (2013), Keep Me in Your Heart for a While (2014) eta Secular Hymns (2016).  Orain arte kaleratutako azkeneko lana Anthem da (2018), zeinetan ospe handiko musikariek hartu duten parte, hala nola Bob Dylan, Bruce Springsteen, Brian MacLeod eta Patrick Warren. Elkarrekin munduaren egoerari buruzko begirada ospela, poetikoa eta batzuetan filosofikoa islatu dute.

Talde Lehiaketan Marc Martín Triok parte hartuko du. Hirukotean jazz generoaren ezarpen formalak ezin hobeto uztartzen dira gazteriaren freskotasun eta trebeziagaz. “Hirugarren Milurtekoa” atalean, berriz, Aishinka zazpikotea izango da protagonista. Emakumezkoen ahots-talde hori 2016. urtean sortu zen, Bulgariako kanta tradizionalen bidez, jazzaren inprobisazioaren askatasunarekin berrikusita, musika transmisioa esploratzeko asmoz. Zazpikoteak Belgikako Lovainako Jazzaldiko B talde lehiaketa irabazi du aurten.

Lindy Hop

Goizean, 12:00etatik aurrera, New Yorken 20 hamarkadan sortutako Lindy Hop dantza-estiloa ikasteko eskola irekia izango da Algortako Telletxe plazan, 12:00etatik aurrera, Helena Golab dantzariaren eskutik. Horren ondoren, 13:00etan, euskal musikarik osatutako bandaren saioa izango da. Horretan swing musikaren standard ospetsuenak joko dituzte. Dantzari batzuk ere parte hartuko dute, publikoa dantzarazteko asmoz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun