Post 'Homo Sapiens'-a, azterbide Getxophoton

Iker Rincon Moreno 2019ko uzt. 10a, 11:35

Getxophoto jaialdia aurkeztu zuten atzo Amaia Agirre Getxoko alkateak eta Jokin Aspuru ekimenaren zuzendariak. © GETXOKO UDALA

Irailaren 4tik 29ra bitartean egingo da Getxophoto Nazioarteko Irudi Jaialdiaren hamahirugarren edizioa. Transhumanismoak dakartzan ondorioak ardatz izango dituzten hogei erakusketa inguru egongo dira.

Azelerazioko, automatizazioko, adimen artifizialeko eta aurrerapen zientifikoko prozesuek erronka berriak proposatzen dizkigute pertsonoi transhumanismoaren kontzeptura hurbilduz goazen heinean. Zelan eragingo digu horrek denak? Galdera horri erantzun gura dio Getxophoto jaialdiaren hamahirugarren edizioak. Hirugarren eta azken urtez Mónica Allende bilbotarra izango da programazio artistikoaren arduraduna, eta, ohi den legez, mundu osoko hainbat artista ospetsuk parte hartuko dute jaialdian, aurtengo gaia askotariko ikuspuntu eta ikusizko lengoaia oso desberdinetatik jorratuta: Maija Tammi, Matthieu Gabsou, Neil Harbisson, Haley Morris-Cafiero eta Juno Calypso, besteak beste.

Jaialdiak irauten duen hilabetean programa pedagogiko oso bat garatuko dute, eta adin denetarako hainbat jarduera eskainiko dituzte, hala nola laborategiak, berbaldiak, tailerrak eta bisita gidatuak. Eremu publikoak ere garrantzia izango du aurten, elkartzeko, aisialdirako eta hausnarketarako gunetzat baitu Getxophotok. Kontuak hala, erakusketa gehienak aire zabalean egongo diren instalazioetan egongo dira, beste areto eta gune batzuk alde batera utzi gabe, betiere. Jaialdiarentzat funtsezkoa da edukiak ikusle-mota denengana heltzea. Horregatik, hainbat bide eta ibilbide proposatuko ditu oinez doako erakusketa horietaz gozatu ahal izateko. Nabarmentzekoa da, baita ere, herritarrek parte hartzeko antolatu duten gunea. Gaiari lotutako argazkiak bidali ahal izango dituzte, eta hoberenak Algortako 40 erakusleihotan ipiniko dituzte.

Egitarauaren aurrerapena

Aurtengo gaia etorkizunari eta bere aukerei buruz pentsatzea eta hausnartzean datza. “Transizioak seriearen hirugarren atala izango da. Pertsonarengan oinarrituko gara, bere erronkei buruz arituko gara; nondik gatoz eta norantza goaz, gizartean eztabaida pizteko, Jaialdia den plataforma fisikotik zein birtualetik, jende kopuru handiak jarraitzen baitu Jaialdia webgunearen bitartez (90.000 bisita iaz) eta gizarte sareen bitartez”, azaldu du Jokin Aspuru Getxophotoko zuzendariak.

Nazioarteko Irudi Jaialdiaren erakusketa gehienak Algortako erdigunean, Ereagako hondartzaren inguruan eta Begoñako Galerietan izango dira. Azken horretan II. Open Call  lehiaketaren bost lan irabazleen erakusketa kolektiboa bisitatu ahal izango da. Ereagan ikusi ahal izango diren hiru erakusketak emakumeek egindakoak izango dira, eta hirurak gorputzari buruzkoak. Alde batetik, Maija Tammi One of Them is a Human izeneko lau erretratuk osatutako sorta erakutsiko du. Hiru androideren (gizarte itxurako robotak) eta gizakia izan litekeen baten aurpegiak dira eta ez da zehazten zein den gizakiarena; Haley Morris-Cafierok (Open Call-eko egungo edizioaren irabazletako bat)  ziber-jazarpena erakutsiko du The Bully Pulpit izeneko argazki-bildumagaz, eta Juno Calypsok What to do with a Million Dollars  aurkeztuko du, barruko alde aseptikoei buruz.

Aurtengorako aurreikusitako berritasunen artean, familientzako jarduerak eta ikastetxetako irakasle eta ikasleentzako bisita gidatuak izateaz gain, jaialdiaren zuzendariak azpimarratu du soinu banda edukiko duela Getxophotok, Borja Crespo eta Koldo Serra Dj-ek eginda. “Bestalde, ikusmin handia sortzen digu Neil Harbisson ciborg aktibistaren presentziak. Buruan garezurrean antena bat jarri ondoren, bere egunerokoa nolakoa den azalduko du. Bestalde, deitzen duen koloreen kontzertua ere eskainiko du, publikoarengana hurbiltzean antenak igortzen dionarekin”, azaldu du Jokin Aspuruk.

Jaialdiaren jarduerei dagokienez, batez ere irailaren 4tik 8ra, publikoak hurrengoetan parte hartu ahal izango du: Opening jardueran, erakusketetarako bisita berezietan, topaketetan artistakaz, Itxialdian (argazkilaritzari buruzko hausnarketa jardunaldian), eta uztailaren 27ra arte proposatutako gaiari buruzko argazki bat bidali ahal izango du, ondoren horietariko 40 Algortako Dendak elkarteko establezimenduetan ikusgai jartzeko. Hamaiketakoa Oskar Martinez, Juantxo Egaña eta Ixone Sádaba argazkilariakaz izango da eta gainera edalontzi azpiko ibilbideak, eguneko eta gaueko bisita gidatuak eta zinema oheetan Begoñako galerietan, izango dira, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun