Udako jaiak 2019

Aurtengo paella-txapelketarako arau berriak jakinarazi ditu Itxas Argiak

Erredakzioa 2019ko uzt. 12a, 21:00

Uztailaren 25ean egingo da Aixerrotako landetan 64. Nazioarteko Paellen Txapelketa: iaz hasitako bidetik, berrikuntzak egongo dira segurtasun-arauei dagokienez, eta horrek bultzatuta antolakuntzan hainbat aldaketa ezartzea erabaki du Itxas Argia Elkarteak.

Hona hemen Itxas Argiak hedabideetara bidali duen oharra, hitzez hitz:

"Aurton Eusko Jaurlaritzaren jendaurreko ikuskizunen eta jolas jarduerei
buruzko araudia betearazi digute.

Eusko Jaurlaritzaren eta Babes Zibilaren eskakizun guztiak bete ahal izateko, inbertsio
handia egin behar izan dugu ondorengo gaietan: suaren aurkako toldoak erosi, Ertzaintzak
onartutako eta mota honetako ospakizunetan lan egiten duen segurtasun-enpresa
espezializatu bat kontratatu, baimen eta txosten bereziak eskatu eta aseguruen estaldurak
handitu. Gainera, jakingo duzuenez, ospakizun hau Itxas Argiako boluntarioen aurretiazko
zein geroko lanari esker baino ez da posible.

Horrek guztiak behartu gaitu aurtendik aurrera prezioak igotzera: toldo erdia 60€, toldo osoa
120€ eta fidantza 25€.

Uztailaren 15ean eta 16ean, 19:00etatik 21:00etara arte, toldoen banaketari ekingo diogu
ohiko erabiltzaileen artean. Gogorarazten dizuegu behar-beharrezkoa dela aurkeztea NANa
eta tiketa aurreko urteko toldo zenbakiarekin. Halaber, egunean bertan sinatu beharko
duzue ‘arduradun adierazpena’.

Banatu gabe geratutako toldoen zozketa uztailaren 18an egingo dugu, osteguna, gaueko
21:00etan. Zenbakiak egunean bertan hartu ahal izango dituzue Elkartearen bulegoan
19:00etatik aurrera. Kasu honetan ere, ezinbestekoa da fidantza eta NANa aurkeztea eta
zozketaren momentuan bertan egotea. Zozkatutako toldoak urte honetarako baino ez dira.

Azkenik, toldo bereziak izanik, erabiltzaile guztiek Itxas Argian jaso beharko dute toldoa 25
euroko fidantzaren truke. Toldoa derrigorrez egoera onean itzuli beharko da uztailaren
26an (11:00-13:00 eta 19:00-21:00) edo 27an (11:00-13:00), eta, orduan, fidantzaren dirua
itzuliko zaie interesdunei.

Informazio gehiago: www.itxas-argia.com"

ZUZENKETA: Oharra irakurrita ikus daitekeenez, oker bat zegoen HIRUKAren 149. zenbakian Paella Txapelketaren gainean argitaratu genuen artikuluan. Toldo berriak dira txapelketaren osteko egunetan nahitaez itzuli beharrekoak, eta ez, artikuluan esan genuen bezala, zaharrak. Bestalde, Itxas Argiak ez die arroza ematen bertara joaten diren denei, guk esan genuen moduan, baizik eta batzuei. Okerrengatik barkamena eskatu gura diegu Itxas Argiari eta paella-lehiaketan parte hartzen dutenei.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun