Zortzi metroko luzera duten estropadetarako yateei ematen zaie J80 izena. Lau eta sei pertsona bitarte har ditzake bakoitzak, eta itsasoaren baldintzei oso ondo aurre egiten dien ontzi-mota gogorra da, adituen esanetan.
Getxon egingo den Munduko Txapelketan holako 87 batuko dira, kopururik handiena 2009tik. Nazioarteko nabigatzaile handiakaz batera hainbat getxoztar ere aterako da uretara, aurkezpenean azaldu dutenez. Besteak beste Bela Eskolako mutil-talde batek hartuko du parte, hala nola emakumezkoen dozena erdi taldek, horietako bi Areetako klubeko kideak. Txapelketa antolatu duena, bestalde, Real Club Marítimo del Abra-Real Sporting Club elkartea da.
Aurkezpen-ekitaldian, Amaia Agirre alkateak nabarmendu du Getxo itsasora begira bizi den herria dela, eta azken urteetan "nabarmen gehitu direla eskaintza eta jarduera sektorean". Udal-agintariak gogoratu duenez, kirol-portu bi eta 1.200 amarratze baino gehiago ditu Getxok. "Munduko Txapelketa kirolaren aldetik ezbairik gabe interesa pizten duen proba izateaz gain, sektorea bultzatu nahi dugu ekonomia eta ongizatea sortzeko aukera ederra ere badelako", gaineratu du Agirrek.
Real Club Marítimo del Abrako kide Ramón Zubiagak proba ikustera joateko gomendatu du, "parte-hartzaile asko baitago, merezi duen irudia da Abran hainbeste belaontzi ikustea".
Bestelako jarduerak aste osoan
Munduko Txapelketa egiteaz batera, belagaz zerikusia duten hainbat ekintza izango dira probak iraungo duen astean, bai antolatzaileen egoitzan bai kirol-portuan. Herri-estropadak, umeentzako jarduerak, tailerrak, zuzeneko musika eta bela-nabigaziorako hastapenagaz lotutako proposamenak eskainiko dira. Egitarau osoa eta bestelako informazioa eskura daiteke www.j80worlds2019.com webgunean.