Bizilagunak Mendira jarduera aurten Saibi mendira joango da, uztailaren 14an, domekan, Urkiolatik hasita. Helburua da kulturak elkartzea eta ospatzeko guneak sortzea eta baita bizikidetza hobetzea, partaidetza sustatzea, diskriminazioa prebenitzea eta aniztasuna bultzatzea ere. Horregatik, menditik ibiltzeaz gain, munduko hainbat lekutako mito eta kondairak (Euskal Herrikoak eta atzerrikoak) partekatuko dituzte parte hartzaileek.
Bizilagunak proiektua Getxoko Udalaren, Getxoko Etorkinen Plataforma Federazioaren eta Egizu elkartearen arteko lanaren fruitua da, pertsonen arteko, eta euskal kultura eta udalerrian dauden kultur anitzen arteko zubiak eraikitzeko. Horren barruko Bizilagunak Mendira jarduera doakoa da, baina izena eman behar da aurretik 622 433 085 edo 655 603 809 telefono zenbakietan edo getxobizilagunak@gmail.com helbidean.