Hogei urte pasako dira aurten Algortako Bertso Eskolak Bertso Jaialdi Mundiala antolatzen hasi zenetik. Lehenengo saioa 1999an egin zuten, beti ere "zerbait desberdin" egiteko asmoagaz. Oraingo honetan, Alaia Martin (Oiartzun), Sustrai Colina (Urruña), Jon Maia (Zumaia), Julio Solo (Gorriti), Unai Iturriaga (Durango) eta bertoko Imanol Uria izango dira sei protagonistak. Ohi denez, gai baten inguruan garatuko da saioa, baina antolatzaileek ez dute azken momentura arte jakinaraziko zein izango den gai hori. Horretarako ardura Arrate Illarok izango du.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, daborduko eskuragarri daude bertso-saiora joateko gonbidapenak; hala ere, pertsona bakoitzak bi eskuratu ahal izango ditu gehienez. Sarrera horietakoren bat eskuratu gura dutenek Algortako Villamonte edo Romoko kultur etxeetara jo beharko dute, gune bi horien udako ordutegiaren barruan. Era berean, berandu dabiltzanek saioaren egunean bertan ere eskuratu ahal izango dute horietakoren bat, takila saioa hasi baino ordu bi lehenagotik egongo baita zabalik. Jesarlekuak ez dira zenbakituta egongo, arduradunek argitu dutenaren arabera.
Azken egunotan iragarri bezala, "herriaren mundiala izango da aurtengoa", ohartarazi dute antolatzaileek, "herritarron presentzia, saioaren aurretik zein saioan zehar, inoiz baino garrantzitsuagoa izango baita". Hori dela eta, bertso-saio mundial horretara hurbiltzeko eta horretan, nolabait, parte hartzeko deia egin diete algortar zein inguruko herritar denei: "Herriaren mundialak herri mundialaren indarra behar du".